Erdialdeko kaleak bizilagunen autoentzako eremu bilakatzeko prest dago PP
Aparkalekua ordenatzeko araudi berriari zuzenketak aurkeztu dizkiote oposizioko udal taldeek
Urtarrilaren 1etik aurrera Trafiko eta Aparkamenduaren Ordenamendu (TAO) araudi berria indarrean egongo da hirian. Udal gobernuaren proposamena mahai gainean dago eta oposizioko udal taldeek proposamena egokitzeko zuzenketak aurkeztu dituzte.
Popularrek araudia hobetzeko asmoz hogei bat zuzenketa egin dituzte; hala nola, kiroldegietako inguruetan autoa uzteko erraztasunak ezartzea proposatu dute. Paco Yoldi kiroldegira doazenek autoa Anoeta inguruan 90 minutuz doan utz dezakete. Aukera hori hiriko beste kiroldegi batzuetara zabaltzea iradoki du PPk.
Proposamenak, baina, udal gobernuaren babesik ez duela izango aurreratu du PPko zinegotzi Iñigo Arcauzek. PPko zinegotziak, era berean, Erdialdeko kaleak –Askatasunaren hiribidetik Bulebarrera– bizilagunek autoa utzi ahal izateko eremu bilakatzeko prest daudela adierazi du, baldin eta udala Kontxako aparkalekuko kudeatzaileekin akordio batera helduko balitz eta dendari nahiz bezeroen autoak uzteko leku batzuk lagatzeko prest egongo balira.
Sozialistek, berriz, dendak diren tokietan eta langabe nahiz 900 euro baino soldata txikiagoak dituztenei tarifa merkeagoak ezartzea planteatu dute. PSE-EEk, gainera, Anoetan kirol ekitaldiak direnean TAOa Amaran osoan ezartzeko eskatu du «egun horietan bizilagunek autoa uzteko aukera izan dezaten», azaldu du Ernesto Gasco PSE-EEko bozeramaileak.
Jeltzaleak ez datoz bat egin den TAO barrutien banaketarekin. Erdialdea-Amaran, Grosen eta Antiguan egin diren bereizketak zabalegiak direla uste dute eta zirkulazio nahiz autoen txandakatzean arazoak eragingo dituela azaldu du Martin Ibabe zinegotzi jeltzaleak. Barruti bakoitzaren mugak eta horien tarifak zehazteko erabakia udalbatzarena eta ez Mugikortasun zinegotziarena izatea iradoki du Ernesto Gascok. Etxebizitza bakoitzean bi TAO txartel izatea, era berean, ez da popularren gustuko neurria. Hiru izateko aukera aztertu beharko litzatekeela zehaztu dute. Jeltzaleek, bestalde, udan Illunbeko aparkalekuan autokarabanak uzteko aukera eskaintzeko aukera proposatu dute.
Udal talde bakoitzak bere zuzenketa sorta aurkeztu duen arren, oposizioko hiru alderdiak bat egin dute Loiolako Erriberako kaleetan aparkalekua ordenatu behar dela plazaratzerakoan.
Orain udal gobernuaren txanda izango da oposizioak egindako zuzenketa horiek guztiak aztertu beharko dituelako. Albizuk dio, «batzuk onartzeko eta negoziatzeko prest» daudela. Neurri berri horien bitartez, hiriko industrialdeetan aparkalekuaren ordenamendua bertan behera geratuko litzateke; ez, ordea, unibertsitate eremuan. TAO bertatik kenduz gero, «espazio publikoan arazoak» eragingo lituztekeela berretsi du Jon Albizuk.
Ondo bidean, hilabete bukaerako udalbatzarrean onartuko lukete behin behinekoz Trafiko eta Aparkamenduaren Ordenamendu araudia, ondoren herritarrek zuzenketak aurkezteko aukera izan dezaten.


