Hondakin Partzuergoak udalari milioi bat euro zor diola gogoratu du EAJk
Ordainketa ez dutela ekainaren 22a baino lehen egin eta udalak auzitegietara jotzeko eskatu dute
Zubietako errauste plantaren egitasmoa dela eta, Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak hitzarmen bat sinatu zuten 2010eko ekainaren 4an. Lan horien ondorioz hirian ingurumenaren aldeko neurriak hartzeko udalak 4.250.000 euroko kalte ordaina jasotzea adostu zuten. Kopuru horretatik udalak oraindik milioi bat euro jaso gabe duela eta ordainketa hori egiteko azken eguna ekainaren 22a ezarri zutela gogora ekarri du Iñaki Gurrutxaga EAJko zinegotziak. Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak pausorik eman ez duenez, eskuratzeko falta den dirua lortzeko auzitegietara jotzeko eskatu dio udal gobernuari.
Milioi hori, hasiera batean, abenduaren 22an udalaren esku egotea adostu zutela azaldu du Gurrutxagak. Epe hori, ordea, sei hilabetez atzeratzea erabaki zuten. Sei hilabeteak igaro eta udalak milioi hori jaso gabe jarraitzen duenez, auzitegietara jotzeko eskaera egin dio Ogasun ordezkariari eta alkateari. Hilabete bukaerako osoko bilkuran mozio bat aurkeztuko dutela aurreratu du, halaber. Milioi hori ez jasotzeak udal finantzen egoera oker dezakeela ohartarazi du Iñaki Gurrutxagak.
