Mikel Albisu, Irati Tobar, Gotzone Lopez de Luzuriaga, Jesus Mari Zalakain eta Jon Ugarte dira 'Barrura begiratzeko leihoak' lanaren protagonistak
Dokumentala finantzatzeko behar dituen 40.000 euroen erdia lortu du Zinez ekoiztetxeak
Mikel Albisu ‘Mikel Antza’, Irati Tobar, Gotzone Lopez de Luzuriaga, Jesus Mari Zalakain eta Jon Ugarte presoen historiak bilduko ditu Barrura begiratzeko leihoak filmak. Zinez ekoiztetxeko Haizea Belzak eta Josu Martinezek ezagutarazi dituzte hauen izenak Koldo Mitxelena Kulturunean egindako agerraldian. “Filma amaitua dago eta filtrazioak izan dira, beraz, une egokia dela uste dugu”, argitu du dokumentaletako bat zuzentzeaz gain, filma kudeatu duen Martinezek. Ekarpen “xume eta zintzoa” den lana bukatu berri dute, eta aste honetan bertan emango diote Zinemaldiko hautaketa batzordeari.
Halaber, gaurko prentsaurrekoan ezagutarazi dutenez, filma finantzatzeko behar dituen 40.000 euroen erdia lortu du Zinez ekoiztetxeak. Udalaren diru laguntzak piztutako zalapartaren ondorioz, joan den ostegunean diru laguntza guztiei uko egin zieten arduradunek, eta herrerritarrei laguntza eskatu zieten. Erantzunarekin pozik daude filmaren arduradunak, baina beste erdia falta dela gogoratu dute.