Viborg talde daniar indartsua aurrez aurre izan dezake Bera Berak
Txapeldunen Ligako kanporaketan bi partida irabazi beharko ditu Donostiako Taldeak sailkatzeko
Txapeldunen Liga jokatzeko aukera zaildu egin zaio Bera Bera Eskubaloiari. Izan ere, atzo goizean Vienan egin zuten zozketak hala erabakita, Poloniako Vistal Laczpol izango da Bera Beraren finalerdietako aurkaria; eta irabazten badu, Danimarkako Viborg indartsuari aurre egin beharko dio; beti ere, talde horrek Suitzako LC Bruhl Handballen aurkako kanporaketa irabaziz gero. Errekopako txapelduna eta Danimarkako Ligako txapeldunordea da talde daniarra. Europako 16 talde onenen artean jokatzeko, beraz, gogor lan egin beharko du Bera Berak. Antolatzaileek bost multzo osatu dituzte kanporaketarako.
Multzo bakoitzean, hiru partida jokatuko dituzte, finalerdietako bi, eta finala. Hala, multzo bakoitzetik talde bakarra sailkatuko da. Donostiako taldea lehen multzoan dago, aurrez aipatutako beste hiru taldeekin. Irailaren 22an eta 23an finalerdia eta finala jokatuko dituzte, eta fase hori antolatzeko lehentasuna daniarrek izango dute.
Hamaika ziurtaturik
Jadanik hamaika taldek dute ziurtatuta Txapeldunen Ligan jokatzeko aukera. Hamabi izan behar ziren berez, baina Lizarrako Itxakok jokatzeko eskubideari uko egin zion, ekonomia arazoengatik. Hamaika talde horiei beste bost gehituko zaizkie irailaren bukaeran, behin kanporaketako partida guztiak jokatu ostean. Bera Bera bost talde horietako bat izateko helburuarekin lehiatuko da.
Txapeldunen Ligako kanporaketa: Irailak 22-23
- 1 Multzoa.
-Bera Bera Eskubaloia -Vistal Laczpol -Viborg HK -LC Bruhl Handball
- 2. Multzoa.
-Byasen Trondheim -Buxtehufer SV -SV Dalfsen -WHC Metalurg
- 3. Multzoa.
-U Joidon Cluj -Rostov-Don -RK Zajecar -Muratpasa B. SK An
- 4. Multzoa.
-Iuventa Michalovce -FCT Rail Cargo Hungaria
- Gonbidatuak.
-Issy Paris -Zvezda Zvenigorod -HC Leipzig


