Aste honetan hasi dira hiriko hainbat ikastetxetan hobekuntza lanak egiten
Arantzazuko Amako leihoak aldatuko dituzte eta Orixe ikastolara heltzeko arrapalak eta igogailua jarriko dituzte
Haurrak oporretan eta eskolak hutsik daudela aprobetxatuta hainbat hobekuntza lan egingo dituzte hiriko zenbait ikastetxetan. Eusko Jaurlaritzak %60an eta udalak %40an finantzatzen dituen lanak dira. Iazko aurrekontutik, baina, udalak 440.000 euro ditu gordeta eta 2012ko aurrekontutik 340.000 euro bideratuko ditu. Honenbestez, 780.000 euroko inbertsioa egingo du udalak aurten, denera. Lanak aste honetan hasi dituzte eta iraila bitartean burutuko dituzte, haurrak eskolan hasi baino lehen. Iazko aurrekontuko diruarekin Mendiolan eta Arantzazuko Ama ikastetxeetan leihoak aldatuko dituzte. Amara Berrik Jose Maria Salaberrian duen egoitzan terraza konponduko dute eta Urgulleko Orixe ikastolara heltzeko arrapalak eta igogailua jarriko dituzte.
Udalak gastatuko dituen gainontzeko 340.000 euroekin ikastetxeek energia alferrik ez galtzeko neurriak hartuko dituzte Amasorrainen, Altzan, Intxaurrondo Hegoan eta Zuhaizti-Ategorrietan. Orixen, berogailu galdara aldatuko dute. Umeen segurtasuna bermatzeko obrak egitea izatea izan da hartutako beste erabaki bat. Aieten, Aitor Ikastolan, Jakintzan (Heriz), Zuhaizti-Aldakonean, Zuhaizti-Biterin, Altzan, Herreran, Katalin Erauson, Zuhaizti-Ategorrietan, Intxaurrondo Hegoan, Orixe-Urgullen eta Oletan egingo dituzte hobekuntzak. Altzan eta Aitor Ikastolan, gainera, jolastokiko hesiak aldatuko dituzte.
Arantzazuko Ama ikastetxeko jolastokiko zorua aldatzea, Herreran komunak berritzea, Urbietan galeria bat ixtea, Biteri Zuhaiztin leihoak aldatzea, Oletan margoketa lanak egitea eta Altzan zorua berritzea izango dira egingo dituzten beste lan batzuk.
Haur eskoletan ere zaharberritze lanak egingo dituzte: Zuloagan estalki txiki bat jarriko dute, Urbietan bi jolas guneak bereiziko dituzte, Egiako haur eskolan irakasleen komunak berrituko dituzte, Errotetan bi gune lotuko dituzte, Ategorritxon estalki bat handituko dute eta Bidebietan leiho bat zabalduko dute fatxadako horman.


