Bederatzi hilabeteko lozorroaren ostean, berrituta esnatu da Maria Kristina hotela
«Hotelak ehun urte ditu eta datozen ehun urteetarako eraberrituta dago», dio Maria Kristinako zuzendari Michel Nader-ek
Lanek emaitza ona emango dutela diote; fakturazioa %15-20 haztea espero dute
«Zoragarri dago. Lehen ere dotorea zen, baina orain askoz ere atseginagoa eta goxoagoa da». Juan Karlos Izagirre alkatearen hitzak dira, Maria Kristina hotel eraberritua ezagutu ostean. Alkatea, udal taldeetako ordezkariak eta Urumea bazterreko bost izarretako hotela kudeatzen duen Starwood Hotels&Resorts enpresako arduradunak izan dira bederatzi hilabetetako eraberritze lanek ematen duten fruitua ezagutzen lehenak. Bihartik aurrera, hotelak ateak irekitzen dituenean, sarrerako alfonbra zapaltzen duten bisitariak Belle Epoque garaian murgilduko dira, XXI. mendeko erosotasunak inguratuta.
Astelehenean beteko ditu Maria Kristina hotelak ehun urte eta mendebetetze egunerako dotore jantzita egotea lortu du. Euken Sese Sustapen Elkarteko zuzendariak obrak bederatzi hilabetetan beteko ote zituzten beldur zirela aitortu du, baina azkenean ezarritako epeak bete dituztela txalotu du. Hotela «oso polita» geratu dela adierazi du Sesek eta emaitza onak emango dituela aurreratu du. Izan ere, fakturazioa %15-20 haztea espero dute. Hasierako egunetan, behinik behin, hotela beteta egongo da eta ondorengo hilabete eta urteetan ere halaxe egotea espero du alkateak: «Maria Kristinak asko ematen baitio Donostiari eta Donostiak Maria Kristinari».
Gris, more eta berde argiak
1912an, urrezko aroan, jaio zen Maria Kristina hotela. Garai distiratsu haien pare, urre, berde eta gorri koloreek apaintzen zuten 2011ko urriaren 9an itxi zuten hotela. Neguko lozorroaren ostean, kolore gris, more eta berde argiak zipriztinduta esnatu da Maria Kristina. «Kolore argi eta apalak dira, ez urrea eta gorria bezain deigarriak», azaldu du Michel Nader hoteleko zuzendariak. Argiekin eta formekin ere jolastu nahi izan dute, pribatasun handiagoa eman eta bezeroak etxean bezain eroso senti daitezen. Belle Epoque garaietako dotorezia izan da dekorazioaren inspirazio. Hotela zapaldu bezain laster nabaritzen da, gainera, Belle Epoque usaina. Biraka dabilen atea du hotelak eta hori ere XX. mende hasierako ikurretako bat zela jakinarazi du Naderrek.
XIX. mendeko keinuek ez ezik, bertako sinboloek ere apaintzen dute. Atezainak, esaterako, uniforme jantzi dotorearekin batera, txapela du soinean. Paretetan, gainera, hiriko txoko desberdinetako xehetasun eta bitxikeriak jasotzen dituzten irudiak daude zintzilik.
Sekreturik handienak, baina, paretek eta haien barruko azpiegiturek gordetzen dituzte. Izar handien bizipenen lekuko izateaz gain, XXI. mendeko hotel eroso eta erakargarri izateko hodi eta kable sarearen babesleku dira. Ur hodiak, hornidura elektrikoa, aire egokitua… Dena aldatu dutela deskribatu du hoteleko zuzendariak. Ikusten ez diren gauzak direla dio, baina gelak duen goxotasunean edota iturriak zabaltze soilarekin nabaritu egiten da. Bidaiari zorrotzenak ere eroso egoteko lekua dela nabarmendu du Michel Naderrek. Dena den, horniduran ez ezik, gela bakoitzeko telebista eta bestelako aparatuetan ere begi bistakoa da puntako teknologia duten tramankuluak direla. «Hotelak ehun urte ditu eta datozen ehun urteetarako eraberrituta dago», dio Maria Kristina hoteleko zuzendariak.
Onceren bost milioi kupoiek dute hotelaren irudia
Lourdes Cruzek 01912 eta 02012 zenbakidun txartelak saldu dizkio Juan Karlos Izagirre alkateari
Uztailaren 10erako Onceren kupoiren bat erosten dutenek Donostiaren bi ikur nagusi ezagutuko dituzte: Maria Kristina hotela eta Viktoria Eugenia antzokia. Bi eraikinek mendeurrena betetzen dute eta Oncek ospakizun horrekin bat egin du eta bere kupoietako irudi bilakatzea erabaki du. Maria Kristina eta Viktoria Eugeniaren irudia, bada, Espainia guztitik zabalduko da, bost milioi kupoiek izango dutelako Maria Kristina eraikineko kupularen eta Viktoria Eugenia antzokiaren aurrealdearen irudia diru zorroan.
Are kupoi bereziagoa lortu nahi dutenek Lourdes Cruz kupoi saltzailearengana joan daitezke, hark saltzen dituelako 01912 eta 02012 zenbakiak dituzten kupoiak. Lourdes Cruz Bretxa azokan egoten da goizero Onceko kupoiak saltzen eta jendea kupoi berezi hori eskuratzera hurbilduko dela zalantzarik ez du.
Uztailaren 11n ikusi beharko da kupoirik gabe geratuko den ala ez, atzo, behintzat, ale batzuk saldu zituen. Erosleetako bat alkatea izan zen. Viktoria Eugenia antzokian egin zuten ekitaldian Juan Karlos Izagirrek Once elkarteak egiten duen eguneroko lana goraipatu du eta, udalaren eta donostiarren izenean, bere esker ona adierazi die. Alkateak, gainera, Lourdes Cruzek kupoiak saltzeko duen trebezia txalotu du, espero baino kupoi gehiago erosi dituelako azkenean. Kupoiak saltzea, egun, lehen bezain erraza ez dela adierazi du Bretxako kupoi saltzaileak. Gazteen artean oraindik kosta egiten dela dio eta krisiak ez duela batere laguntzen azaldu dio egunkari honi.
Donostia 2016
Halere, uztailaren 10ekoa ez da Donostiaren izena lau haizetara barreiatu duen Onceko lehen kupoia izan. Donostia 2016ean Europako Kulturaren Hiriburu bilakatzeko hautagai zenean, hiriko irudiarekin kupoi bat atera zuten.
Kupoiaren laguntzaz ala ez, Donostiak Europako Kulturaren Hiriburu bilakatzea lortu du. Nork daki, beraz, mendeurrenaren kupoia ez ote den beste ehun urtez lasai bizi ahal izateko makulua izango.


