Sorkuntzari ekin diote
Egunerokotasunari agur esan zion Artelekuk 2011ko azaroan, uholdeek eragindako kalte larrien ondorioz; hilabeteetako lanaren ostean, oinarrizko lekua eta materiala atonduta, berriro ere bere bidea hartu du.
«Ez ginen etorkizunari edo iraganari begira ari, hunkituta geratu ginen. Urak bi metroko altuera hartu zuen, eta lehen solairuko material guztia eta lan egiteko genituen baliabide guztiak urez beteak geratu ziren. Nire kasuan, ordenagailuan hamar urtez bildutako informazioa galdu nuen». Halaxe oroitu du Artelekuko Natalia Barberiak 2011ko azaroa Irutxuloko Hitzarentzat. Bereziki, Txomin Enea eta Martutene auzoak jipoitu zituzten orduko uholdeek, eta kalte larriak eragin zizkien bizilagunei. Txominen egoitza duen Arteleku sorkuntza guneak ere sekulako galerak izan zituen. Ordutik garbiketa, konponketa eta berreskuratze lanetan aritu dira bertako erabiltzaileak, ahalik eta azkarren egoitza lan egiteko moduan izateko. «Berriro ere zerotik hasteko arrazoia bilatu genuen», gehitu du Barberiak. Egindako konponketa lanei esker, aurreko astean berriro ateak zabaldu zituen Artelekuk, eta komunikabideei zein herritarrei bertaratzeko deia egin zieten. Oraindik bertako arduradun eta artistei zeregina geratzen zaien arren, sorkuntza lanean murgildu dira berriro ere, hori baita egiten dakitena.
Ikus-entzunezko materiala, lan egiteko egiturak, hitzaldi gelako baliabideak, ordenagailuak… dena edo ia dena galdu zuten. Bigarren eta hirugarren solairuan, hainbat artistek estudioak dituzte, bertan lan egiteko, eta gela horiek izan ziren urak harrapatu ez zituenak. «Sei hilabetez lanean ibili gara, baldintza txarretan, dena oso zikina baitzegoen. Artelekuren 25 urteetako artxibo garrantzitsua galdu genuen, beraz, hori antolatu nahiean ere ibili gara», azaldu du Barberiak. Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako kalkuluen arabera, 1’8 milioi ingurukoak izan ziren uholdeen kalteak. Eta orain arte, 400.000 euro erabili dituzte, Artelekuko oinarrizko egokitze lanak egiteko. Hala, mediatekatik galdutako 40.000 erreferentzietatik 17.000 berreskuratu dituzte. «Mediatekaren kasuan, ahal genuen guztia errekuperatzen saiatu gara. Hala ere, oso gogorra izan da, egunez egune egindako lana ez baitzen nabaritzen. Duela hilabete eta erdi obrak hasi ziren, eta orduan argia ikusten hasi ginen», gehitu du Barberiak.
Bestetik, hilabete honetan, uholdeek kaltetu ez zituzten erreferentziak itzuliko dira Artelekura, Gordailun gordeta egon ostean. Hala, irailean mediateka berria zabaltzeko asmoa dute. «Ekipoak lortzen hasi gara, baina oraindik ez dira iritsi. Hala ere, programak lantzen hasi gara, egunerokotasunean sartzeko». Estilo anitzak lantzen dituzten 25 artista inguru dabiltza Artelekun egun; plastika, ikus-entzun, dantza, performance… 45 metro koadro inguruko geletan, bina artista aritzen dira lanean; arduradunen helburua, errotazioa egotea baita. Artista bakoitzak bere proiektua aurkezten du, eta horren arabera, Artelekun zenbat hilabetez egongo diren jakiten dute. «Gutxi gora-behera, artista horiek egunero etortzen dira, horretaz bizi baitira nolabait». Azken batean, etorkizuna bermatzeko lanean jarraitu beharra dagoela uste du Barberiak; «Etorkizuna badu, jendeak honetan sinisten duen bitartean».
Programa zabala
Artelekuko barne bizitza puri-purian dago jada, eta aurtengo programan, Audiolab, Mugatxoan eta Irudia Mugimenduan Laborategia bezalako proiektuak izango dituzte berriz ere. Yox kolektiboarekin elkarlanean jarraituko du Artelekuk, modaren, irudiaren eta argazkien inguruko tailerrekin. Galtzagorri elkartearekin, berriz, Marraz(k)iak proiektua ere landuko dute. «Ateak zabalik daude, beti egon dira zabalik», azpimarratu du Barberiak.


