Bidean geratu direnen omenez dantzatuko da Asier Zabaleta
Dantzari donostiarrak Joan zaretenei, adio ikuskizuna aurkeztuko du larunbatean, Oteizaren eskulturan
Euskal gatazkan bizia galdu duten pertsona guztiei eskaini die Asier Zabaletak bere azken lana: Joan zaretenei, adio. Ertza konpainiako dantzari eta koreografo donostiarrak larunbatean estreinatuko du obra, Oteizaren eskulturan.
Abiapuntua: aurreskua
Aspalditik izan du euskal gatazkan hildakoen aldeko omenaldi bat egiteko: «40 urte luze hauetan bidean geratu direnentzako obra bat egin nahi nuen. Aurreskua ezin hobea iruditu zitzaidan guzti horiei ohore egiteko».
Aurreskua hartu du abiapuntu gisa. Dantza tradizionala, ordea, pieza garaikide bihurtu du: «Ikusleek Aurreskua antzemango dute, baina koreografia zeharo garaikidea izango da. Oinarrian aurreskua dago, baina musikak bezela, beste bide batzuetatik joko dute mugimenduek».
Iñar Sastre piano jotzailearen musikak inspiratu zuen Zabaleta. Ustekabean bere musika pieza batzuk jaso zituen: «Ez nuen ezagutzen, eta izugarri gustatu zitzaidan. Gainera aproposa iruditu zitzaidan lan honetan abiatzeko. Bi kantu hautatu nituen, Agurra eta Bizkainoko Banakoaren bertsio garaikide bat».
Oteizaren eskultura, agertoki naturala
Asier Zabaleta bakarrik dantzatuko da Oteizaren eskulturaren inguruan: «Leku hori lehendik ere asko gustatzen zitzaidan. Handik pasatzen nintzen bakoitzean pentsatzen nuen zerbait egin behar nuela hor, eta orain iritsi da momentua. Lekua magikoa da, eta eskultura dagoen gune hori modu naturalean agertoki bihurtu da. Edonondik begiratzen duzula ere leku paregabea iruditzen zait, eta dantza sartzeko are hobea».
Joan zaretenei, adio oso lan intimoa dela aitortu du Zabaletak: «Nik anaia bat galdu dut bidean, eta badakit zer den sufrimendu hori. Besteen larruan sartu naiz. Bikote eta senitarteko horien larruan jarri naiz. Niretzat oso garrantzitsua da ikuskizun hau, eta besteekin konpartitu nahi dut. Beharra nuen. Benetan jendea ukitu duen ikuskizuna izango dela uste dut». Zabaletak berak egindako omenaldi intimoa da: «Pertsonatik pertsonara egindakoa. Ideologia eta politika guztiak albo batean utzi ditut».
Dantzariaren ustez, Euskal Herrian gai hauetaz «normaltasunez» eta «betiko gatazka ideologikoetan sartu gabe» hitz egiteko garaia da: «Proposamen guztiak normalean norbaitek bere egiten ditu edo politizatu egiten ditu. Nik hasieratik argi utzi nahi dut ez dudala halakorik egin».
Inor kanpoan utzi gabe
Inolako ideologia politikorekin loturarik ez duela azpimarratu du: «Bidean geratu diren pertsona guzti-guztiak zaku berean sartu ditut, inor kanpoan utzi gabe; eta jakina, inori minik egiteko asmorik gabe. Badakit gai delikatua dela. Munduko borondate onenarekin egin dudan lana da».
Ez da bakarrik dantzatuko den lehen aldia. 2004ean Egotik egin zuen. Hura ere bakarrik egindako lan bat zen. Oraingoan aurkezten duen obra hau «Asierrek berak» egin behar duela esan du: «Ezin du beste dantzari batek egin. Nik neure pertsonatik hitz egiten dut; ezin ditut beste dantzari baten ahoan jarri lan honetan esaten ditudanak». Kalean egiteko pieza bat dela azaldu du: «Publikoarekin gertutasuna bilatu nahi nuen. Haien maila berean erakusteko».
Joan direnetaz ari da Asier Zabaleta, eta persona horien presentzia «oso indartsua» izango dela adierazi du: «Obran badira elementu batzuk non sentituko dugun hor daudela». Antzerki dantza gisa ere definitu du: «Badaude testu batzuk. Une zehatz batean eszenifikatzen dut edozein familiatan eta testuingurutan eman daitezkeen eszena txiki batzuk. Koreografia bat da, baina bada antzerki lan bat ere. Orain arte Ertzan egin ditugun ikuskizunen bide bera jarraitzen du zentzu horretan».
Ikuskizuna Zabaletaren ekimena izan da. Ez du inoren babesean egin: «Opari bat da, ez da beste ikuskizunak bezelakoa.Eskuzabaltasun osoz egin dut».
Gaur Madriletik itzuliko da Ertza konpainia. Bihar jaio nintzen kale ikuskizuna aurkeztu dute bertan, Los veranos de la Villa jaialdiaren barruan: «Zoritxarrez Euskal Herritik kanpo lan gehiago egiten dugu. Euskal Herrian dantza garaikidea oraindik hasten ari da. Gauza asko egin dira azken urteetan, baina atzetik goaz. Espainian eta atzerrian lan gehiago egiten dugu etxean baino».
Joan Zaretenei, adio Donostian aurkeztuko du bihar. Ondoren Brasilera eramango du konpainiak, Horizones Urbanos kaleko ikuskizunen jaialdira.



