Garagardo festa, laguntza eta babesleku

Atzoko eta gaurko musika taldeen zuzeneko emanaldiak dira aurtengo berrikuntza. (Argazkia: Mikel Goñi)
Bera Bera errugbi taldearen 10. garagardo festa ekainaren 28an hasi zen, Saguesen. Bertan jarritako karpak ateak zabalik izango ditu datorren igandea arte, uztailaren 8a arte, alegia. Trago bat, edo gehiago, eta mokadutxoa egiteko ordutegia, berriz, 18:30etik 23:30era izango da. Lortutako dirua taldearen ezagutza eta funtzionamendua laguntzera bideratuko dute. Hori dela eta, Bera Bera errugbi taldeko entrenatzaile Iñigo Imaz ere ekimena kudeatzen ibili da, eta ez du lan txikia izan. «Berrehun bat pertsona bagaude honetan sartuta», azaldu du barra atzetik.
Beste urteetako festaren oso antzekoa dela adierazi du Imazek. «25 garagardo mota dauzkagu aurten, ezaugarri askotakoak, eta baita zeliakoentzat ere!». Jatekoetan ere ohiko txerri ukondoa, oilaskoa eta saltxitxak aurki daitezke itsas bazterreko garagardotegian. Barazkijaleentzat menu oso egokia ez dela entzutean, entrenatzaileak, irribarrea ezpainetan zuela, zera erantzun du: «Bai, hala da. Garagardo festak ez dira begetarianoek jateko oso toki onak».
Bera Beraren karpak aurreko egunetan eguraldi mota guztietatik babestu ditu garagardozaleak. Larunbateko zaparradak, asteleheneko eguzkia… datozen egunetan ere egin behar hori izango du, tenperatura eta hodeiak gora eta behera ibiliko baitira.
Eguraldiari ihesi ez, baina Groseko Ion Agirre beste zerbaiti egin nahi dio izkin garagardo festaren karparen azpian. «Eskertuta nago adin txikikoei ez dietelako alkoholik saltzen; bestela Donosti Cupen dabiltzan gaztetxo taldeak hemen leudeke… eta beraiengandik ihesean nator». Hori esan, eta Australiako garagardo arina duen pitxarrari zurrupada eman dio. Ondoko mahaian dagoen koadrilak kide bat bidali du garagardo pitxerren bila, eta adi-adi ari dira barra aldera begiratzen. Beraien atzetik zetorren soinuak beraien arreta bereganatu du, ordea. Soinua probatzen ari den musika taldearen tresnak dira ezusteko zarataren iturria. «Aurtengo berrikuntza, asteazken, ostegun eta ostiraleko zuzeneko musika emanaldiak dira», argitu du Imazek.

