Denboraldi-aurreko prestaketarekin hasi da Reala aste honetan bertan, entrenamenduen egunerokotasunera itzuliz. Hainbat jarraitzaile bildu dira egunotan Zubietako harmailetan, eta emaitza onak espero dituztela adierazi dute.

Philippe Montanier entrenatzailea, Zubietan. Atzean, jokalariak luzatze ariketak egiten. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Itzuli da Zubietako egunerokotasuna Realarentzat. Oporren ostean, sasoian jartzeari ekin zioten jokalari txuri-urdinek astelehen arratsaldean, denboraldi-aurreari hasiera emateko. Atzo goizean, ordubete inguruan, baloiarekin nahiko saio lasaia egin zuten Philippe Montanierren jokalariek. Arratsaldean bigarren saio bat zuten, baina ikusleentzako itxia. Eguraldi eskasa izan zuten lagun, baina realzale batzuk hurbildu ziren Zubietara; eta horietako batzuekin hitz egiteko aukera izan zuen IRUTXULOKO HITZAk.
Mikel Calvo eta Mikel Mujika adi-adi aritu ziren entrenamendua jarraitzen; hala ere, oraindik jokalari txuri-urdinen egoera zein zen esateko goizegi zela zioten. Hori bai, Chory Castroren fitxaketarekin behintzat, gustura zeuden. «Chory Castro fitxaketa segurua da, jokalari ezaguna baita», aipatu zuen Mujikak; eta Calvok arrazoia eman zion; «itxaropena behintzat badugu». Gainontzean, Carlos Vela geratuko balitz, gustura leudekela zioten; «Beste fitxaketa seguru bat da». Horrekin, gutxienez Lehen Mailan mantentzea espero dute. Igeldoko Mireia Gonzalez eta Sheila Villar, berriz, penatuta zeuden, Antoine Griezmann ez baitzegoen Zubietan. Hain gogoko ez duten beste norbait, ordea, bertan zegoen entrenamendua zuzentzen; Montanier. Entrenatzaile frantziarraz galdetzean, musua okertu zuten bi neskatilek. Edonola ere, orain arte egin duten moduan, Anoetara Reala animatzera joango direla ziurtatu zuten.
«Batzutan etortzen gara entrenamenduak ikustera eta taldea gogo askorekin ikusten dut», zioen Ander Huegunek. Berak ere entrenatzailearekin zituen zalantzat; «Montanier ez dut oso gogoko, zalantzak ditut». Aitor Uria bere aitonarekin joan zen Zubietara, Jose Mari Txopeitiarekin. Carlos Vela eta Antoine Griezmann dira Uriaren jokalari gogokoenak, eta beraiei esker taldeak lorpen berriak egin ditzakeela uste du. «Datorren denboraldian Europako postuetan sar gaitezke», zioen gazteak.
Haurrak, jarraitzaile finak
Realeko udalekuetan parte hartzen ari diren haurrak Zubietan bueltaka dabiltza egunotan. Atzoko jardunaldian ere beraiek izan ziren Zubietako harmailei bizia eman ziotenak. Etengabe oihuka aritu ziren gaztetxoak, «gol», «uiii», eta antzekoekin. Ondoren, jokalariak luzatze ariketak egiten ari ziren bitartean, Michel Troin bigarren entrenatzailea baloiak uretatik jasotzen aritu zen. Haurrek ez zuten aukera hori ere galdu, eta ongi baino hobeto azaldu zioten non zeuden baloiak.
Behin entrenamendua bukatuta, jokalariengana hurbildu ziren bostekoak luzatzera. Eta nola ez, sinadurak eskatzen aritu ziren. Xabi Prieto izan zen haurrekin adeitsuena.

Xabi Prietok atseginez sinatu zituen gaztetxoen elastikoak eta papertxoak. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Reala Italiara joango da abuztuaren 3tik 11ra, lagunartekoak jokatzera
Reala Parmara joango da, denboraldi-aurreko prestaketa egitera. Zehazki, Parmako Emilia-Romagna zonaldean izango da abuztuaren 3tik 11ra bitartean, entrenatzen eta lagunartekoak jokatzen. Abuztuaren 5ean Modenan jokatuko du, Ennio Tardini estadioan; abuztuaren 7an, Varesera joango da; eta bukatzeko, berriz, Siena bisitatuko du.