Turismoa sustatzeko Gipuzkoako beste herriekin batera egingo du arraun Donostiak
Bisitariak erakarriko dituzten eskaintzak sustatzeko, aldundiak 528.000 euro bideratuko ditu
«Donostia Gipuzkoa eta Euskal Herria ezagutzeko ate bat da», dio Juan Karlos Izagirre alkateak. Ate hori parez pare zabaltzeko asmoz, Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunek eta Gipuzkoako eskualde desberdinetako alkateek bat egin dute Pasai San Pedroko Ondartxo itsas kulturaren zentroan. «Txalupa eta norabide berean arraun egitea positiboa» dela dio alkateak, eta ezin uka turismoa hiriarentzat eta Gipuzkoarentzat arrain sarda tentagarria ez denik. Jon Peli Uriguen Berrikuntza, Landa Garapena eta Turismoko diputatuak jakinarazi duenez, Gipuzkoako Barne Produktu Gordinaren %7,4 dagokio turismoari, Bizkaia eta Araban, berriz, %4 ingurukoa da.
Txalupak pitzadurarik gabe, aurrera egiteko behar duen sendotasuna izan dezan, Gipuzkoako Foru Aldundiak, denera, 528.000 euro bideratuko ditu. Kopuru horretatik 100.000 euro Donostia Turismok jasoko ditu promozio ekintzak laguntzeko. Beste 180.000 euro aldundiak eta Donostia Turismok adostutako ekintza eta produktuak merkaturatzen laguntzeko baliatuko dute.
Kontxako badia mundu osoko turistak erakartzeko amu aparta den arren, ez dutela «lokalismoetan» erortzeko asmorik zehaztu du Juan Karlos Izagirrek. Manu Narvaez Donostia Turismoko zuzendariaren hitzetan, «hitzarmen horrekin argi geratzen da bakoitza bere herrian geratuz gero ez dugula ezer lortuko; aldiz, batuz gero, askoz ere pauso handiagoak emango ditugu». Hitzarmenak, bada, atzerrian sustapen ekintzak egiten lagunduko duela zehaztu du Narvaezek, babes eta baliabide ekonomiko handiagoak dituztelako. «Turistak ez daki mugak non dauden; hortaz, zenbat eta produktu gehiago eskaini, orduan eta erakargarriagoa izango da bisitatzen ari diren lurraldea», azaldu du Donostia Turismoko zuzendariak.
Donostia ez ezik ingurua ezagutzeko eskaintza luzatuz gero bisitariak hartu egiten duela baieztatu du Narvaezek. Egun, gainera, badute non aukeratu. «Kostaldean, Getaria aldera ala Miarritze eta Baiona aldera joz ibilaldiak egin daitezke. Barnealdean, Oñatiko Arrikrutz leizeak ezagutu daitezke, Zarautz inguruko hainbat txakolindegietarako bisitaldiak ere badaude eta, Goierrin, Ordiziako merkatua eta artzain lanak ezagutzeko eskaintza ere badago», zerrendatu du. Astigarraga eta Hernani inguruko sagardotegiak, Kontxa eta Aquarimua eta Ondartxo ezagutzeko dagoen txangoa aipatu du Donostia Turismoko arduradunak, halaber.
Eskaintza horren guztiaren berri Donostia Turismoko Sansebastianreservas.com web atarian izan daiteke. Eskualde eta gainontzeko eragileek, baina, askoz ere eskaintza zabalagoa dute euren turismo zerbitzuetako bulegoetan. Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapena eta Turismo Sailak web atari guztiak biltzen dituen plataforma bat sortzeko asmoa du. Bertan, Gipuzkoako edozein txokotako ostatuetara joateko erreserbak egin ahal izango dira baita ekitaldi eta produktuen berri izan ere. Udazkenean ataria abian jartzeko urrats sendoagoak emango dituztela jakinarazi du Roke Akizu Turismoko foru zuzendariak.


