Pertsona bat hil egin da ustez La Caixan lapurreta egiten saiatu eta gero
Amara Berrin, Felipe IV hiribidean dagoen La Caixaren egoitzan lapurreta egiten saiatu dira 14:00ak aldera. Aurpegia estalita zuten bi lagun banketxearen bulegoan sartu dira, armak eskuan. Ertzaintza azaldu denean, tiroketa gertatu da bi aldeen artean eta, ustezko lapurretako bat eta ertzain bat zauritu egin dira. Polizia balen aurkako txalekoak babestu du. Lapurra, zaurien eraginez, 15:00ak aldera hil egin da. 56 urte zituen. Ertzaintzak esan du ez zuela aurrekaririk. Beste lapurrak, bere konplizeak, bai. 63 urteko gizonezkoa da. Kartzelan egondakoa da, eta behin indarkeriaz egindako lapurreta bat egiteagatik atxilotu egin zuten. Atxilotu egin du Ertzaintzak. Zauritutako ertzaina erietxean dago.
La Caixaren bulegoaren inguruan jende asko bildu da tiroketa izan eta minutu gutxira. Ertzaintzak Felipe IV. hiribideko 9. atariko eremua hesitu egin du, jendea hurbil ez dadin. Inguruko etxebizitzetako bizilahun asko balkoietara atera dira. Izan ere, tiro hotsak banketxearen kanpoaldean entzun dira, bizilagunek azaldu dutenaren arabera.