Jessica, lapurreta ahaleginaren lekukoetako bat. (Argazkia: Maitane Aldanondo)
Amara Berrin, Felipe IV.a hiribideko La Caixaren egoitzan izandako lapurreta ahalegina hildako batekin amaitu da: bi lapurretako bat hil egin da, bala zaurien eraginez. Bestea atxilotu egin dute
Jessica banketxearen barrualdean zegoen lapurreta saiakera gertatu denean: «Transakzio bat egiten ari nintzen gizon bat nire atzean jarri denean. Une horretan, leihatilako langileari txorakeririk ez egiteko esan dio. Lapurreta bat zela jakin dut orduan», azaldu du lekukoak.
Lapur horrek besotik heldu eta bazter batera eraman du Jessica bera, barruan ziren gainontzeko pertsonak ziren lekura. Lekuko honen arabera, bulegoan sei pertsona ziren lapurrak sartu direnean; hiru bezero eta hiru langile, hain zuzen ere: «Lasai egoteko esan digute, eta lurrean esertzeko eskatu. Leihatilakoari kutxa ireki zezala esan diote, dirua besterik ez zutela nahi», adierazi du Jessicak.
Ertzaintza bertaratu denean hasi da tiroketa, lekukoak esandakoaren arabera. «Tiro hotsak entzun ditugunean, denak lurrera bota gara, elkarren artean babestuz. Oso azkar joan da dena. Hamabost minutu eskasetan gertatu da», ekarri du gogora. Tiroketa eta gero, Ertzaintzak bulegotik ateratzeko eskatu die: «Lapurretako bat ikusi dut lurrean. Hilda zegoela zirudien», erantsi dun lekukoak. Beste lapurra atxilotu egin dute.