Egigurenek garaipenarekin hasi du zesta punta txapelketa
Jonathan Hernandez atzelariarekin batera, lehiaren Donostiako finalera iritsi nahi du Aietekoak
Munduko Pilota Batzarrak antolatutako Binakako Zesta Punta Txapelketan, hasiera ezin hobea izan du Mikel Egiguren aietearrak. Izan ere, Jonathan Hernandez atzelari gasteiztarrarekin batera, 35-25 irabazi zien Erkiaga-Enbil bikoteari, pasa den igandean. Asteburuko bigarren irabazlea, Goikoetxea-Alliez bikotea izan zen, 35-27 irabazi baitzion Garciak eta Lopezek osatutako bikoteari.
Txapelketan, aipatutako lau bikote horiek lehiatuko dira, aurreko urteetan baino gutxiago, baina maila handiko puntistak dira guztiak ere. Partidak Donostiako Karmelo Balda pilotalekuan eta Markinan jokatuko dituzte. Gainera, hiria uztailaren 31ko finalaren lekuko ere izango da. Irutxuloko Hitzak Egigurenekin hitz egiteko aukera izan du, eta bere egoeraren eta helburuen berri jaso du. «Estatu Batuetan oso ongi ibili naiz, Fort Piercen hiru titulu lortu nituen, eta oso denboraldi ona egin dut. Orain, Donostiako eta Markinako partidetan gozatzen saiatuko naiz, eta ea irabaz dezakegun», adierazi du Egigurenek.
Gainera, Hernandezek eta biak bikote polita osatzen dutela dio. «Lagun handiak gara kantxa kanpoan, eta kantxa barruan ere oso ongi konpontzen gara. Hernandez oso atzelari indartsua da eta gure jokoa egiten badugu, aurrean ibiltzeko aukera izango dugu». Bikote gogorrena zein izango den, ordea, ez dauka batere garbi. «Txapelketa murriztu egin denez, lau bikote oso on geratu dira, eta ez dugu partida errazik izango». Gainera, Estatu Batuetatik itzuli ostean, etxean jokatzea eskertu egiten duela dio. «Donostiako udalari egindako esfortzua eskertu nahi diot. Niretzako donostiar bezala finala hemen jokatzea oso garrantzitsua izango litzateke, eta ea hor egotea lortzen dudan. Gainera, gaur egun puntista gehienak gipuzkoarrak garenez, finaletan frontoia bete egiten da».
Uda, partidaz betea
Gainontzean, uda beti bezala partidaz betea datorrela dio Egigurenek. «Abuztuan buruz-burukoa izango dugu, eta irailean partida gehiago. Beti gogoko izaten dugu udan jokatzea eta gozatzea».

