Hilabetero ekimen bat antolatuko dute duela bi mende hiria suntsitu zutela gogora ekartzeko
Sei hilabete besterik ez dira falta 2013an murgiltzeko. Urte esanguratsua izango da, bi mende beteko direlako hiria suntsitu eta berreraikitzeko erabakia hartu zutela. Hainbat elkarte datorren urteari begira ekimenak antolatzen ari badira ere, udalak ere bereak antolatuko ditu. Donostia berria eraikitzeko elkarlanean aritu ziren bezala, udal egitaraua elkarrekin osatuko dute udal taldeek. Gaur elkartuko da, hain justu, ekimenen jarraipena egiteko udal batzorde berezia. Alderdi bakoitzeko bi kidek hartuko dute parte bilera horietan.
Udal gobernuak batzordean jorratu ahal izateko proposamenak prest ditu. Hala nola, hilabetero jarduera bat antolatzeko ideiaren berri eman du Juan Karlos Izagirre alkateak. Urte osoko ekimenak, halere, hamahiru izango lirateke, abuztuaren 31n ekitaldi berezi bat egin nahi dutelako.
Urte osoko programa baten bidez, «donostiarrek garai hartan erakutsitako grina eta kemena oroitu eta hiriaren berreraikuntza ospatu» nahi dutela jakinarazi du Izagirrek. Sarraskian, baino, 1813ko irailaren 8an hiria biziberritzeko hartu zen erabakian egin nahi du udal gobernuak indar. Hala, hiru dira, Bilduren ustez, 2013ko ekitaldiek izan beharko lituzkeen ardatzak: «berreraikuntza, oroimena eta donostiarrek erakutsi zuten jarreraren ospakizuna». Alkateak, era berean, elkarte eta gizarte eragileek antolatuko dituzten ekimenak sustatzeko diru laguntzak eskainiko dituela aurreratu du. Bideratuko kopururik, ordea, ez du zehaztu.


