
San Ignacio de Loyola ontziaren maketak Aquariumeko bisitarien arreta bereganatzen du. (Argazkia: Mikel Goñi)
‘San Ignacio de Loyola’ ontzia 1912an hondoratu zen; Aquariumak petrolio-ontziaren eskalako erreplika bat jarri du ikusgai
Ehun urte igaro dira Atlantikoan desagertu zenetik, eta Titanic ontziak baino ospe gutxiago izan duen arren, gertuagokoa zen
San Ignacio de Loyola petrolio-ontzia. Mendeurrenaren harira, Donostiako Aquariumak ikusgai jarri ditu Ozeanografia Elkarteko kide Jose Antonio Puertasek egindako maketa eta informazioa, zamaontziaren historia azaltzeko.
Aquariumek ontzigintzaren historiari emandako gunean jarri dute
San Ignacio de Loyola-ren maketa, ia horma oso bat hartu duela. Puertasek egindako erreplikak zehaztasun handia dauka eta 1:50 eskalan egina dago. Horrek esan nahi du, museoan ikus daitekeen kopiaren jatorrizkoa 59 metro luze zela.
Donostiako Luciano Mercader y Viuda de Loinaz enpresak 1870. urtean findegia ireki zuten Molinao errekaren inguruan, Pasai Antxo eta Altzaren artean. Urte horietan, funtsean hiriak argiztatzeko erabiltzen zen petrolioa, eta Ameriketako Estatu Batuetako Philadelphiatik ekarri ohi zuten.
Urteak pasa ahala petrolioaren eskaera handitu zen, eta 1892 findegiko arduradunek ontzi bat eraikitzea erabaki zuten, bitartekariei garraio lana ordaindu beharrik ez izateko. Ingalaterran eraiki zuten San Ignacio de Loyola, eta 1893ko azaroan iritsi zen lehen aldiz Pasaiako portura; ontziak Donostiako matrikula zuen.
Petrolioaren garraiorako erabiltzen bazen ere, hiru itsas mastadun belaontzia zen, eta garaiko antzeko ontziekin alderatuta berezitasun bat bazuen. Ordura arte, ohikoa zen olio beltza poto eta upeletan garraiatzean, baina San Ignazio de Loyola-k hiru andel zeuzkan; guztira 900 tona hartzen zituztenak.
Europatik Amerikara 44 aldiz
1912an desagertu bazen ere, lehen ezbehar larria eraiki eta lau urtera eduki zuen. Izan ere, 1897. urtean, leherketa gertatu baitzen Pasaiako portuan zegoela. Urtebete behar izan zuen ontziak, konponduta eta beteta, kai berean azaltzeko.
Ontziak bere bizitza osoan 44 aldiz osatu zuen Gipuzkoa eta Philadelphiaren arteko joan-etorriko bidaia. Bidaiarik azkarrenean 67 egun behar izan zituen munduko bi puntu horiek lotzeko. Estatu Batuen eta Pasaiako portuaren artekoa osatzeko behar izan zituen 180 eguneko zeharkaldia Kontaketaren beste muturrean dago.
Hain zuzen ere, azkeneko horrek balio izan zien
San Ignazio de Loyola ontziko marinelen familiei 1912. urtean itxaropena mantentzeko. Urte horretako urtarrilaren 20an irten zen Pasaiatik, eta hilabeteak eman baitzituzten ontziaren berririk izan gabe.
Zoritxarrez, ontzia ez zen inoiz Philadelphiara iritsi eta bere berririk ez zuten senitartekoek jaso. 1912ko abuztuan, ordea kalte ordainak jasotzen hasi ziren, ontzia ofizialki desagertutzat jo eta gero.
-
-
-
-
-
San Ignacio de Loyola ontziaren maketak Aquariumeko bisitarien arreta bereganatzen du. (Argazkia: Mikel Goñi)