Frantsesaren etxeak hutsik egoteari utz diezaioke
Itxita jarraitzea «tamalgarria» litzatekeela adierazi du Ricardo Burutaran zinegotziak
Kontxako Aita Vinuesa plazan, Niza hotelaren alboan dagoen eraikina hutsik egoteari utz diezaioke. Udalak askok Frantsesaren etxea izenarekin ezagutzen duten eraikin dotoreari erabili ahal izateko baimena eman diolako jabeari. Ia hogei urte beteko dira zortzi etxebizitza, lokalak eta 33 garaje dituen eraikina itxita dagoela. Baimen horrekin, jabeak, Julian Olaizola Orbegozo etxebizitza sustatzaileak, jada ez du eraikinari erabileraren bat emateko inolako trabarik izango.
Udalak jakinarazi duenez, eraikinak hainbat gabezia zituen. Hala nola, suhiltzaile, arkitektura eta ur eta saneamendu sailek ezarrita dituzten irizpideak ez zituen betetzen eta horregatik ez zuen erakina erabili ahal izateko Hirigintza sailaren oniritzirik. Gabezia horiei aurre egin ostean lortu du baimena.
Eraikinak egungo egoeran egoteari utz diezaion, jabeak pauso hori eman izana «berri ona» dela adierazi du Ricardo Burutaran Hirigintza zinegotziak. «Desiragarriena», orain, erabileraren bat izatea litzatekeela erantsi du Burutaranek: «Bizi ditugun garaietan eta hirian dagoen etxebizitza beharrarekin tamalgarria litzateke itxita jarraitzea».
Azken urteetan eraikin horren egoera behin eta berriz salatu dutenen artean dago etxebizitza eskubidearen alde eta hirian dauden eraikin hutsak betetzeko hamaika aldarrikapen egin dituen Kepasakonlakasa elkartea.
