Donostia ofizialki turismo hiriburu izendatzeko eskatu du PPko Ramon Gomezek
Izendapenak Eusko Jaurlaritzaren laguntzetan isla izan beharko lukeela dio udal bozeramaileak
Bilbo hiriburu ekonomikoa da, Gasteiz administratiboa eta Donostia turismo eta kulturari lotutakoa. Euskal Autonomi Erkidegoko hiriburu bakoitzak bere funtzioa duela azaldu du Ramon Gomez PPko udal bozeramaileak. Era horretan, Gasteizek eta Bilbok dagokien esparrua susta dezaten, Eusko Jaurlaritzak saritu egiten dituela dio; turismoaren tartaren zati handiena, ordea, Donostiak bereganatu beharrean, denen artean banatzen dutela krtikatu du. Hori dela eta, Donostia EAEko turismo hiriburu izan dadin, ofizialki izendatzeko eskaera egingo dute popularrek. Gainontzeko udal taldeek proposamen horrekin bat egin dezaten, erakunde adierazpen bat prestatu dute.
Izendapen horrek, era berean, Eusko Jaurlaritzak turismoa sustatzeko ematen dituen laguntzetan isla izan beharko lukeela erantsi du Ramon Gomezek. Laguntzetan ez ezik nazioartean egiten diren turismo azoketan ere Donostiaren nagusitasuna lurraldeko beste hiri eta herrien gainetik egon beharko lukeela zehaztu du.
Donostiak duen protagonismo eskasaren irudi Eusko Jaurlaritzak turismoa bultzatzeko duen webgunea dela aditzera eman du Ramon Gomez bozeramaileak: «Euskadi Turismoko atarian sartuz gero, Arabako Errioxako, Gorbeiako, euskal kostaldeko eta beste hainbat bazterretako irudi eta berriak agertzen dira, Donostiak, ordea, apenas du lekurik».
Ondorengo urteetan, Donostiak bisitariak erakartzeko hamaika arrazoi izango dituela argudiatu du PPko bozeramaileak, halaber. Aurten, hiriko bost azpiegiturek –Igeldoko funikularrak eta parkeak, La Perlak, Topoak, Maria Kristinak eta Viktoria Eugeniak– mendeurrena betetzen dute; datorren urtean, 1813ko hondamenditik bi mende beteko dira eta, 2016an, Europako Kulturaren Hiriburu bilakatuko da.
