Mikel Antero eta Fermin Bouza; Correos taldeko kideak
Correos laukotea izango da Kutxa Kultur Festibalean joko duen talde donostiarretako bat; irailaren 7an ariko dira zuzenean Igeldoko parkeko agertokian, 19:00etan, ‘Esponjas para borrar el horizonte’ diskoko abestiak aurkeztuz.

Correos taldeko kideak. Ezker eskuin: Mikel Antero, Fermin Bouza, Asier Mozo eta Luis del Campo. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Kutxa Kultur Festibalak ahalik eta musika zale gehienengana iritsi nahi du; sarreren prezioa 10 eurora jaistea erabaki du. Kutxasarrerak.net webgunean eskura daitezke. Antolatzaileek atzo eman zuten albistearen berri; eta dagoeneko sarrerak erosiak zituztenei, dirua itzuliko zietela jakinarazi zuten.
Jaialdian joko duten bertako hamar taldeen artean, hiru izango dira donostiarrak: Correos, Inra eta Lolas Club. Fermin Bouza abeslari madrildarrak, Luis del Campo baxulari donostiarrak eta Asier Mozo bateria donostiarrak sortu zuten Correos. Orain, laugarren kide bat batu berri zaie; Mikel Antero gitarrista oiartzuarra. Egun, taldeko hiru kide hirian bizi dira: Del Campo Erdialdean; Mozo Loiolan; eta Antero Antiguan. Bouza, ordea, Madrildik etortzen da taldearengana. Anterorekin eta Bouzarekin hitz egiteko aukera izan du IRUTXULOKO HITZAk.
Zein izan da Correosen ibilbidea orain arte?
Fermin Bouza (F.B.): Taldea 2009an sortu genuen. Donostiako pop rock lehiaketa irabazi genuen, eta disko txiki pare bat atera genituen. Ondoren, gure lehen LPa atera genuen eta Estatu mailako bira egin genuen. Hala, hainbat jaialditan parte hartu genuen, Sonorama eta Marina Life, besteak beste, eta 60 aretotan ere aritu ginen. Orain, urrian kaleratuko dugun gure bigarren diskoa ezagutarazten ari gara,
Esponjas para borrar el horizonte izenekoa. Donostian bertan grabatu dugu, Iñaki de Lucasekin. Aurkezpen birako lehen kontzertua, Kutxa Kultur Festibalekoa izango dela esan daiteke. Abesti berriak aurkeztuko ditugu, eta formatu berria, aurrekoa baino elektronikoagoa.
Eta zer dakar zuen disko berriak?
F.B.: Gure lehen diskoa sei egunetan grabatu genuen, orduko hirukoteak. Orain, Mikel dugu taldean, eta gitarra jotzeaz gain, abestu ere egiten du. Gainera, sintetizadore txiki bat eta beste elementu elektroniko batzuk ere batu ditugu. Disko berria handiago entzun dadila nahi izan dugu, beteagoa. Azken batean, musika osotasun handiagoa eman nahi izan diogu, eta momentu batean soinu elektronikoekin eta musika dantzagarriarekin jolasten dugu. Proposamen dibertigarria egin nahi dugu, baina aldi berean, abestiek edukia izan dezatela. Abesti onak egin ditugula uste dut, eta diskoak ukitu itsaskorra duela. Oso pozik gaude eta jendeak gogokoa izatea nahi dugu.
Halako jaialdi handi batean jotzera iristea garrantzitsua izango da, ezta?
Mikel Antero (M.A.):Disko berrirako prestatzen ari ginela, gure managerrak lortu zigun kontzertua emateko aukera. Oso pozik gaude Donostian halako jaialdi bat egoteaz. Horrela ez dugu Bilboko BBK Live-era edo Azkenara joan beharrik. Ea Donostian rock eta indie bandak pixka bat gehiago mugitzen diren.
Zer espero duzue jaialdiko kontzertuaz?
F.B.: Ongi pasatzea espero dugu eta jendeak gurekin ere ongi pasatzea. Egun dibertigarria izango da. Gainera, gainontzeko bandak ikustea ere interesgarria izaten da, talde onak datoz eta. Jendea konturatu dadila hemen ere kontu interesgarriak mugitzen direla musikaren munduan.
M.A.: Jaialdiko izen txikiak ikus ditzala jendeak, Correosekoak gaude, baita Anai Arrebak eta Lolas Club moduko taldeak. Bertako produktuak babestea garrantzitsua dela uste dut.
Zuentzako ere pentsatzen dut albiste ona izango dela sarrerek 10 euroko prezioa izatea, ezta?
M.A.: Egia esan, denok bezala guk ere gaur [atzo] jakin dugu sarreren prezio jaitsierarena. Egia esan, zoragarria da. Maiz jendea kexatzen da jaialdietako prezioez, 50 edo 60 euro balio izaten dutelako. Zure hirian bertan, gainera, Igeldoko parkearen moduko toki pop batean, halako egitarauarekin, eta 10 euroren truke bakarrik… ez hurbiltzeko aitzakiarik ez dago. Sekulako aukera dela iruditzen zait.
Kutxa Kultur Festibala
Agertoki Nagusia.
-18:00: Russian Red.
-19:40: The Whip.
-21:20: The Raveonettes.
-23:00: Maximo Park.
Parkeko agertokia.
-16:30: Naica.
-17:20: Patta eta Sendaezinak.
-19:00: Correos.
-20:40: Lolas Club.
-22:20: Peachy Joke.
Agertoki Nagusia.
-16:30: Anari.
-18:00: Delorentos.
-19:40: Los Campesinos!
-21:10: Love of Lesbian.
-23:20: The Horrors.
Parkeko agertokia.
-17:20: Muturbeltz.
-18:50: Inra.
-20:30: Anai Arrebak.
-22:20: Wilhem & The dancing animals.
-00:45: Gora Gora Kids.
-22:20: Peachy Joke.