Gastronomia ere Jazzaldiko protagonista izango da
Hiriko hainbat tabernek eta jatetxek, baita Basque Culinary Centerrek ere, ekimen bereziak antolatu dituzte
Gastronomia ekimen ugari izango dira 47. Jazzaldiaren harira, uztailaren 19tik 23ra, Heineken, Basque Culinary Center eta Donostiako taberna eta jatetxe askoren lankidetzari esker.
Batetik, Pintxo Jazz izenekoa egingo dute, uztailaren 18an. Hala, hiru euroren truke, Jazzaldirako bereziki diseinatutako Heineken botila eta pintxo bat eskuratu ahal izango dira, Bergara, Dardara, Iombi eta Ondarra tabernetan, besteak beste.
Bestetik, Jazzaldiaren menua ere sortu dute Aralar, Bokado San Telmo, Mirador de Ulia eta Ni Neu jatetxeek, jaialdiak irauten duen bitartean dastatu ahal izateko.
Sukaldaritza eta garagardo ikastaroa ere antolatu dituzte. Zehazki, Basque Culinary Centerrek eta Heineken Españaren Gambrinus ostalaritza eskolak garagardoa oinarri duen sukaldaritza sortzaileari buruzko ikastaroa antolatu dute. Ikastaroa uztailaren 17tik 19ra bitartean izango da; eta izen ematea egiteko, www.bculinary.com webgunean jarritako bidea jarrai daiteke, cursos@bculinary.com helbide elektronikora idatz daiteke, edo 902-540 866 telefonora dei daiteke.
Zuzenekoak, Culinaryn
Horretaz guztiaz gain, Basque Culinary Centerrek Jazzaldiko bi kontzertu hartuko ditu. Lighthouse britaniar hirukotea uztailaren 21ean ariko da; Enrico Rava tronpeta-jotzailearen Tribe boskotea, berriz, agertoki berean izango da, uztailaren 22an.
Bi emanaldiak doakoak izango dira, 13:00etan. Emanaldiekin batera, bertako produktuak dastatu ahal izango dira. Gainera, kontzertuak hasi aurretik, 12:00etan eta 12:30ean, eraikinean bisita gidatuak egingo dituzte. Aldez aurretik izena eman beharko da, infojazz@donostia.org edo info@bculinary.com posta elektronikoetan.

