Etxebizitza plan bat osatzeko beharra plazaratu du PSE-EEk
Bilduk bizitoki bat lortzeko premiari aurre egiteko hartu dituen neurriak «eskasak» direla uste du
Espainiako etxebizitza preziorik garestiena du Donostiak eta zortzi mila donostiar baino gehiago dira babestutako etxebizitza bat eskuratzeko zerrendan. Egoera horri aurre egiteko udal gobernuak hartu dituen neurriak «eskasak» izan direla salatu du Ernesto Gasco PSE-EEko bozeramaileak. Hori dela eta, etxebizitza egitasmoak non, noiz eta nola egingo diren eta alokairuan nola indartuko den zehazteko etxebizitza plan bat egitea beharrezkoa dela plazaratu du eta hala eskatuko dio udal gobernuari. Orain arte «isilpean» aritu direla lanean kritikatu du udal bozeramaileak.
Bildu aurreko udal gobernuetatik jasotakoaz bizi dela adierazi du Gascok. Hala nola, Errotaburuko Amerika plazako eta Txomin Eneako egitasmoak Bildu iritsi aurretik mahai gainean jarritakoak direla zehaztu du. Beste proiektu batzuk (Auditz Akular, kasu) ere aurrera ateratzeko bidean zirela gogoratu du baina baztertu egin dituztela kritikatu du, alternatibarik aurkeztu gabe.
PSE-EEko zinegotzi Enrique Ramosek, era berean, ia hogei urtez itxita egon ondoren, Vinuesa plazako etxeari erabilera baimena emateak udal gobernuan sortu duen poza ez du begi onez ikusi. Udal gobernuaren etxebizitza politikaren eredu ez izatea espero du, «iseka egitea» izan baitaiteke zinegotzi sozialistaren iritziz.


