Kaitik zamaketa lanak egin ahal izatea eskatuko diote Eusko Jaurlaritzari
Parte Zaharreko zirkulazioa antolatzeko, bizilagun eta ostalarien proposamenak hartu ditu udalak aintzat
Udalak Parte Zaharreko zirkulazioa hobetu eta zamaketa sistema antolatzeko hainbat neurri ezarri zituen maiatzean. Hartutako erabakiek zer nolako erantzuna izan duten neurtu eta hobekuntzak ezartzeko asmoz, Mugikortasun Sailak Parte Zaharrean Bizi auzo elkartearen eta Gipuzkoako Ostalarien Elkartearen proposamenak jaso ditu eta zenbait aintzat hartzea erabaki du. Honela, zamaketa lanak egiteko guneak ugaritzeko Kaia erabili ahal izatea eskatuko dio udal gobernuak Jaurlaritzari. Zamaketa ordutegia zabalduko dute Aldamar kalean eta malguagoak izango dira Aste Nagusian eta jai egunetan. Bizilagunek ere motoak kanporatzeko eskaera egin zuten eta San Juan kalekoa, behinik behin, Salamanca pasealekuan eta Argentinako Errepublikaren pasealekuan jarriko dituzten aparkalekuengatik ordezkatuko dute. Banaketa guneak, halaber, zamaketa ordutegitik kanpo, motoentzako gune bilakatzea eskatuko dio udal gobernuak jaurlaritzari.
Udalak, era berean, auzoan autoz sartzeko askatasun handiagoa emango die bizilagunei. Bertakoek, baimenik eskatu gabe, euren autoarekin –astean zehar 21:00etatik goizaldeko 7:30era– hilero lau bider sartzeko aukera izango dute. Andia kalearen norabidea aldatuko dute, itsas komandantziak aparkatzeko dituen tokiak kentzeko saiakera egingo dute eta Kanpandegi eta Mari kaleetan ibilgailuen abiadura mantsotzeko neurriak hartuko dituzte.
Parte Zaharreko zirkulazioa zuzentzeko neurriek harrera ona izan dutela azpimarratu du Jon Albizu Mugikortasun zinegotziak. Ibilgailu nahiz oinezkoen segurtasuna eta erosotasuna bermatzeko balio izan dutela dio.
