Pregoiak irekiko ditu, gaur, igandera arte iraungo duten Groseko festak

Koadrilen desfilea bezalako ekitaldi ibiltariek Groseko bazter guztietara eramango dute jai giroa. (Argazkia: Groseko jai batzordea)
Jai giroa auzo osora zabalduko dute kalejirek, kontzertu ibiltariek eta buruhandi zein erraldoien jardunek. Hala eta guztiz ere, festak gune zehatzak ere izango ditu, eta igande gauera arte ez dira zereginak faltako Txofre plazan eta Katalunia plazan, bertan gertatuko baitira ekitaldi gehienak.
Larunbatean, bi horiei Sagues gehituko zaie kirol ekimenen egoitza gisa, baita gaueko kontzertuaren eszenatoki moduan ere. Groseko Indarra Surf Taldea da itsas bazterreko emanaldia prestatu duena. Bestalde, ekitaldi hau Zipotz jaien antolakuntza ereduaren adibidea da, programa osatzen eta gauzak antolatzen talde eta pertsona ugari aritu direlako.
Jai batzordeaz gain, auzoko festak atontzen aritu direnen artean daude, besteak beste, Pais Petit bezalako tabernak, Okendo kultur etxea, Groseko Indarra Surf Taldea, Groseko Xake Taldea, Groseko Gazte Asanblada eta Kortxoenea gaztetxea.
Bestalde, antolatzaileek gogorarazi nahi izan dute, jaiek irauten duten bitartean, Txofre plazan sagardotegi karpa egongo dela, eta bertan afariak emango dituztela. Nafarroa Behera, Txofre eta Usandizaga plazetan haurrentzako feriak izango direla ere adierazi dute. Programa osoa, hemen.
