Realaren bigarren elastikoa laranja izango da
Jada aurkeztu dute Realak datorren denboraldian jantziko duen kirol arropa, gaur goizean; eta bigarren kirol jantzia laranja izango dela jakin da. Zubitako Gainditu eraikinean, hainbat jokalarik modelo lana egin dute, 2012-13 denboraldirako Nike-ek prestatu duen bilduma komunikabideen aurrean erakusteko. Ruben Pardok eta Antoine Griezmannek paseoko eta entrenamenduko arropa jantzi dituzte, hurrenez hurren. Geroago, Claudio Bravo atezaina agertu da, bere jantzi berriarekin; berde tonu desberdineko elastikoa. Imanol Agirretxe, zelaian erabiliko duten bigarren jantziarekin agertu da, zalantzarik gabe, arreta gehien deitzen duena; elastiko laranja, galtza beltzekin. Xabi Prieto kapitain donostiarra, txuri-urdinez agertu da, taldearen lehen jantziarekin. Iazkoak baino estilo klasikoagoa du, eta goitik beherako marra gehiago.



