Silvia Ederra: "Beti etorri nahi izan dut Bera Berara, eta azkenean lortu dut"
Denboraldi baterako kontratua sinatu du Nafarroako pibotak Donostiako eskubaloi taldearekin
Silvia Ederra jokalari nafarra fitxatu berri du Bera Bera Eskubaloiak, denboraldi baterako. Pibota da, 28 urte ditu, eta taldearen bosgarren fitxaketa da. Jokalariaren aurkezpena egin zuen atzo goizean Tati Garmendiak, taldeko bigarren entrenatzaileak, Bidebietako kiroldegian. «Bere nortasun borrokalariagatik nabarmentzen dela uste dut, nik ezagutu dudanagatik. Oso indartsua da, eta defentsan oso gogorra da», adierazi zuen Garmendiak. Itxakon, Mar Alicanten eta Castron jokatu du orain arte, eta aspalditik bere «helburua» Donostiara etortzea zela esan zuen. «Betidanik arreta piztu izan didan taldea da. Pistan asko borrokatu izan dute beti, partidak sekula galdutzat eman gabe. Horrela lortu dute dauden tokian egotera iristea», aipatu du jokalariak. «Beti etorri nahi izan dut Bera Berara, eta azkenean lortu dut», gehitu zuen Ederrrak. Eta orokorrean, Bera Bera talde «azkarra» bezala definitu zuen. Garai gogorrak bizitako jokalaria da; izan ere, 2011ko otsailean Castron jokatzen zuela, trafiko istripu larria izan zuen, eta hanketan indarrik gabe geratu zen. Ondorioz, diskoko hernia ebakuntza egin behar izan zioten. Pixkanaka jokatzera itzuli da, baina Sporting La Riojarekin egin du azken denboraldia, zilarrezko mailan. Orain, Bera Berarekin itzuliko da berriro gorengo mailara.
Gainera, jokalariak berak Donostiako taldean jokatzeko duen gogoa gutxi ez bada, Txapeldunen Liga jokatzeko izango duen aukera gehituko zaio. «Egia esan, Txapeldunen Liga jokatzera etortzeak gogoa handitzen dit. Europako lehietan parte hartu izan dut, eta hori geratzen zitzaidan ezagutzeko».
Veronica Cuña, Patricia Elorza eta Maria Nuñez jokalariekin talde berean jokatu izan du, eta Matxalen Ziarsolorekin ere selekzioan jokatu zuen. «Gainontzekoak ezagutzen ditut beraien aurka jokatu izanaz, beraz, ez dut uste taldean sartzeko arazorik izango dudanik». Hori guztia kontuan izanik, taldearengatik ahal duen guztia emango duela esan zuen. «Gainontzeko jokalariengandik ikasten saiatuko naiz. Ea zer lortzen dugun».
Bera Berak 2012-2013 denboraldirako egindako bosgarren fitxaketa da Ederra. Patricia Elorza, Maria Nuñez, Adriana Cardoso eta Nitsan Dunay jokalarien fitxaketen ostean. Alboko bat faltako litzaioke taldeari guztiz osatzeko, baina taldearen eskumen ekonomikoen baitan egongo da.
Txapeldunen Ligari begira
Aurten, lehen aldiz Txapeldunen Liga jokatuko du Bera Berak. Hala ere, aurreko urteetako helburuekin jarraituko duela esan zuen Garmendiak; Ligan eta Kopan lanik onena egiten saiatuko baitira. «Gogoz betetako taldea dugula uste dut, eta urtez urte aurrerapausoak ematen ari gara. Datorren denboraldiko Liga zertxobait eskuragarriagoa izan daiteke agian; baina oinak lurrean izan behar ditugu. Txapeldunen Ligan aurrera egitea zaila izango da; kanporaketako lehen partida irabazten badugu, ziur aski Viborren aurka jokatu beharko baitugu, talde faboritoa», azaldu zuen Garmendiak.
Itxakok Txapeldunen Ligari uko egingo zioela jakin zutenean, zuzenean euren lekua hartuko zutela pentsatu zutela onartu zuen Garmendiak. «Zalaparta sortu zen, zuzenean Itxakoren tokia hartuko genuela pentsatu genuelako. Azkenean, Itxakok bere postua uzteak kalte egin digu; beste gauza batzuen artean, Vibor gure taldean zegoenez, ezingo genuelako bere aurka jokatu. Orain, aurrez aurre izango dugu». Oraindik ez dakite non jokatuko duten, baina Danimarkan jokatzeko aukera asko daudela dirudi Garmendiaren arabera.
Abuztuaren 1ean ekingo die Bera Berak entrenamenduei, lehia guztietarako prestatzen hasteko.

