Viktoria Eugenia, iraganetik etorkizunera
Antzokiaren mendeurrenaren harira, #VictoriaEugenia sare soziala erakusketa aurkeztu dute Kutxa Boulevard aretoan
1912ko uztailaren 20an inauguratu zuten Viktoria Eugenia Antzokia. Kulturaren aterpea izan da azken 100 urteetan. Eta hori baino gehiago: Nazioarteko jaialdien egoitza, agertoki frankista, gerra arteko artisten babesleku, izar handien kamerino, talentu berrien sehaska, hainbat aldarrikapenen bozgorailu… Batzuetan, denen zerbitzuan; eta urte askoan, gutxi batzuen esku. #VictoriaEugenia sare soziala erakusketak antzokiaren iraganetik etorkizunera bidaia egin du. Morgan Crea ekoiztetxe donostiarrak antzokiaren oroitzapenak berreskuratu ditu Kutxa Boulevard aretoan inauguratu duten erakusketan.
Eraikina sortu zen urtetik gaur arteko ibilbide kronologikoa osatu dute. Antzokiko pasadizo garrantzitsuenak berreskuratu dituzte, eta hainbat protagonisten bizipenak ekarri dituzte erakusketara. Argazkiek antzokian bizi izan diren une gogoangarriak ekarri dituzte gogora; baita hainbat objektu zaharrek ere. Uztailaren 31a arte izango da erakusketa zabalik.


