Elkartu dira Legami, Zipotz eta Karramarro
Jai giroak onartzen duen ordu erdiko atzerapenarekin izan bada ere, Kaiko eta Groseko jaietako ordezkariek bat egin dute Kursaal zubiaren erdialdean. Kaiko jaietako Karramarroa izan da portuko taldearen burua; Legamik eta Zipotzek, berriz, Groseko taldea gidatu dute.
Bi auzoetako erraldoiak elkarrekin dantzatzen aritu dira zubiaren erdian, eta ordezkariek zapi trukea egin dute. Horren ondoren, zubia utzi, eta Kursaal eta ibaiaren artean dagoen zabalunean sokatira saioa egin dute bi multzo festazaleek. Kaiko taldeak irabazi ditu egindako bi tiraldiak. Lehia albo batera utzita, elkarri umore onez agur esan, eta talde bakoitza bere festagunerantz abiatu da.