‘#VictoriaEugenia sare soziala’ erakusketak antzokiaren hamaika oroitzapen berreskuratu ditu mendeurrenean.

Irudian, Viktoria Eugenia zaharreko kamerinoetako apain-mahai bat.
Hurrengo uztailaren 20an Viktoria Eugenia Antzokiak ehun urte beteko ditu. Denboran atzera egin eta bere historia ezagutzeko unea da, asko baitira antzoki zaharraren hormen artean gordeta geratu diren pasadizoak. Klub aristokrata izan da, agertoki frankista, nazioarteko jaialdien egoitza, izar handien kamerinoa, lehen euskal antzerki taldeen erakusleihoa, lehen mailako dantzarien sehaska…. Donostia Kulturak eta MorganCrea ekoiztetxeak Kutxa Boulevard aretoan hari eskainitako erakusketa aurkeztu dute: #VictoriaEugenia sare soziala.
Antzokia Gipuzkoako sare sozial bizienetakoa izan dela uste dute: «Gizarteko talde eta kolektibo oso desberdinak bildu ditu ehun urte hauetan. Laborategi bat izan da; talentuak hazi eta jaialdi handiak sortzeko bidea eman du», adierazi du MorganCreako Asun Lasartek. Viktoria Eugeniak denon artean osatutako mendeurrena bete duelako, sare sozialetara eraman dute #VictoriaEugenia hashtag-arekin. Izen hori Twitter-en bilatuz gero, antzokian historiako hainbat protagonistek esandakoak irakur daitezke.

MorganCrea ekoiztetxeko Carlos Rodriguez eta Asun Lasarte.
Aretoko bideo-instalazio batean, antzokiaren mendeurrenaren harira elkarrizketatutako ehun pertsonaien bizipenak entzun daitezke: Ramon Agirre, Elena Irureta eta Pilar Bardem aktoreak; Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria; Ramon Labaien eta Odon Elorza alkate ohiak; Igor Yebra dantzaria; eta Montserrat Caballe abeslariarenak, besteak beste. Hainbat objektu zahar ere bildu dituzte erakusketa aretoan. Antzoki zaharreko kamerinoetako apain-mahai zahar bat, eserlekuak, hainbat ikuskizunen kartelak, programa edo esku orriak…
Iraganetik etorkizunera egindako bidaia
Viktoria Eugenia, ikuskizuna eta agertoki huts bat baino gehiago izan dela ikusteko erakusketa uztailaren 31a arte izango da zabalik. Argazki zein garaiko egunkarietako albiste zaharren bidez berreskuratutako oroitzapenekin gozatzeko aukera izango du bisitariak. Hamarkadaz hamarkada, momentu garrantzitsuenak jaso dituzte.

Kutxa Boulevard aretoan Viktoria Eugenia Antzokiaren historian mugarri izan diren gertakizunak jaso dituzte.
Zinemaldiko argazkiak dira beharbada irudi ezagunenak: Bette Davis, Elizabeth Taylor, Hitchcock… Baina Viktoria Eugeniaren historian protagonista asko eta asko izan dira. Lasartek azaldu duenaren arabera, 1936ko gerra hasi baino lehen, Viktoria Eugeniako agertokiak izaera herrikoiagoa eta euskaldunagoa zuen: «Inauterietan jai handiak ospatzen zituzten. Haurrentzako ikuskizunak egiten ziren, bertso saioak, euskarazko antzezlanak… Frankismoak, baina jarduera guzti hura eten egun zuen».