Karmengo festetako lehen txanpari ekingo diote asteburu honetan Añorgan
Pilota izango da gaurko protagonista. Izan ere, Jolas Etxea Txiki pilota eskolako erakustaldiak irekiko baitu 17:00etan festetako programa. 21:00etara itxaron beharko da, Jauregi eta Loidi nor baino nor ikusteko, buruz buru. Horren ondoren jokatuko da Goñi II.a eta Fernandez, Urmenetaren eta Eulateren aurka jarriko dituen partida. Horrekin batera bukatuko da egitaraua gaurkoz.
Koadrilei emandako eguna izango da biharkoa. Hori dela eta, hauen bazkaria izango da frontoian, 14:00etan. Hori baino lehenago, ordea, paellak prestatzeko eta ingurua apaintzeko hitzordua egin dute eguerdian. Sabela beteta eta Debako Elektrotxarangaren doinuak lagunduta, banderaren altxatzea egingo dute, modu honetan jaien hasiera ofiziala ezarriz. Egunak luze joko du, izan ere, ogitarteko jatearen ondoren, gauerdian hasiko baita 3gabe2 taldearen emanaldia.
Igandean, Jubilatuen Eguna izango da, eta astelehenean Karmengo Amarena. Bi egun horietan Añorgako Arkaitz dantza taldearen jardunak berebiziko garrantzia izango du.
Jaien hurrengo txanpa berriz, ostegunean hasi eta hurrengo igandean bukatuko da. Ordurako utzi dituzte, besteak beste, Zementonen jaitsiera eta Izkiro mozorro festa. Programa osoa ikusteko, klik egin hemen.



