Piraten hamargarren urteurrenaren abestia osatu dute Beñat Gaztelumendik eta Skakeitan ska taldeak
Piratek pozik jaso dute oparia: “Zer garen, zer izan diren, eta zer izan nahi dugun ondo definitzen du. Azkarra, freskoa, mezua duena eta benetan indartsua da”
Hamarkada ospatzeko eta girotzeko abestia prestatu dute Donostiako Piratek. Hitzak Beñat Gaztelumendi bertsolariarenak dira, eta musika, Skakeitan taldearena. “Ohorea izan da. Niretzat eta Donostia horrela bizi dugunontzat eredu direlako”, aitortu zuen Añorgako bertsolariak. Kanta pirata eta positiboa izateaz gain, oraindik Piratengana hurbildu ez direnentzat gonbidapena ere izan behar zuela argi zuen bertsolariak. Letraren ideiak bereak izan arren, hitzak idazten Unai anaiak lagundu dio. Emaitzarekin pozik dago Gaztelumendi: “Bitxia da ezkutuan edo erdi ahaztuta zenituen esaldiek kantan zer pisu duten ikustea”.
Doinua prestatzeko Skakeitan hirukote donostiarrak bi ardatz izan ditu: beraien estiloko kanta egitea, eta jai girorako aproposa izatea. “Bizipen positiboa izan da, Piratekin harreman ona dugu, eredutzat ditugu, eta beraien filosofiarekin bat egiten dugu”, argitu zuen taldekideetako batek. Grabaketan, Ze Esatek! taldeko Jabi Rodilek eta Mikel Albisuk; eta Esne Beltzako Xabi Solanok eta Patxukok parte hartu dute.