Bengoetxea kalean dago Sorospen Etxea (Argazkia: Xabier Etxabe).
Udal gobernuak Sorospen Etxeko larrialdiko arreta zerbitzua emateko kontratua arautuko duen oinarri administratibo eta teknikoak onartu ditu. Horrenbestez, prozedura ireki bat zabalduko dute lizitazioa egiteko. Lehenengo urterako 137.196 euroko aurrekontua izango du kontratuak, eta urtebeteko iraupena izango du. Beste urtebetez luzatzeko aukera izango da.
Baldintzen artean, orain arteko udalari zegokion zerbitzua mantentzea jaso dute; 8:00etatik 17:00ak bitartean, astelehenetik ostiralera, eskaintzen duten zerbitzua, alegia. Osakidetzak kudeatzen ditu gainontzeko orduak, eta hala izaten jarraituko du. Izan ere, Bengoetxea kaleko zerbitzua eguneko 24 ordutan urteko 365 egunetan egongo da zabalik. “Zerbitzua mantentzeko hitza eman genuen eta hitza bete dugu», adierazi du udal gobernuak.
Lizitazioaren txostenaren baldintzen arabera, zerbitzua bere gain hartzen duen enpresak bertara joaten diren pertsona guztiak artatu beharko ditu, «izan bertakoak edo atzerritarrak, Osakidetzako txartela izan edo ez izan».