Arrantzaleen bizitza osoko lana aitortu dute
Karmengo Ama itsasgizonen zaindaria da. Hamarkada ugari dituen tradizioari jarraituz, bere egunean, 70 urte beteak dituzten Gipuzkoako baxurako arrantzale guztiak omendu dituzte.
Uztailaren 16a berezia da arrantzaleentzat. Hauen zaindari Karmengo Amaren eguna da, eta horrek, itsasoarekin lotura duten herritan jaia esan nahi du. Donostian, gainera, Kaiko jaien egun handia izan ohi da. Horregatik, egitarauan barneratua dute Gipuzkoako itsasertzeko arrantzaleei 1927tik egiten zaien omenaldia.
85 urte dira Gipuzkoako arrantzaleen kofradien elkarteak itsasoan urte askoan egindako lana eskertzen diela. Elkarrekin hamaiketakoa egin ondoren, eguneko lehen ekitaldia izan zuten, atzo, udaletxean. Bertan, Juan Karlos Izagirre alkateak, Eusko Jaurlaritzako arrantza eta akuakultura zuzendari Jokin Diaz eta Jon Azkue arrantza sailburuordeak harrera egin zieten. Alkateak lehen sektoreak hiriarentzat eta Euskal Herriarentzat duen garrantzia nabarmendu zuen, herriari “nortasuna” ematen diola zehaztuz. Usadioari jarraipena emateko, ordea, gero eta gazte gutxiago dagoela gogoratu zuen Izagirrek; eta horren harira, arrantzaren etorkizuna bermatzea Eusko Jaurlaritzaren erronka dela adierazi zuen Diazek. Bizitza osoko lan gogorra aitortu, eta Donostiak itsasoarekin duen lotura estuaren adibideak zerrendatu zituen Diazek: “arrain azoka, Aquariuma, Ontzi Museoa, Mariren bustoa…”. Bertsolariak, dantzariak eta lore eskaintza ez ziren falta izan. Halaber portu bakoitzeko zaharrenari oroigarri bana eman zioten. Bigarren urtez emakume saregileak ere omendu zituzten. Bertan izan ziren Hondarribiako Maria eta Fermina Berrotaran ahizpak.
Omenaldi hunkigarria
Eguerdiko sirenarekin batera, udaletxea utzi, eta Kaiko San Pedro elizara joan ziren ilara luzea osatuz. Batzuk ez ziren sartu, baina gehienek beraientzat gordetako bankuak bete zituzten. Irtetean, ohi bezala, Kresalako dantzariak eta Hernaniko musika eskolako txistulariak zain zituzten Agurra egiteko. Aurreko urteetan ez bezala, dantzarako gunea ez zegoen erabat itxita, eta gorazarrea ikusteko bertaratutako jendeak arazoren bat edo beste eragin zuen. Dantza amaituta, arraunekin arkua egin, eta bertatik igaro ziren arrantzaleak txalo artean. Aurten, Parte Zaharrean galdu aurretik, Kaiko jaietarako jarritako Portaleta ondoko oholtzara hurbildu ziren. Bertan, Kresalako neskek hiru dantza eskaini zizkieten. Arrantzale ohiek elkar agurtu eta solasean aritzeko parada izan zuten.
Lehen omenaldia zutenen artean, Marzelino Agirresarobe oriotarra zegoen. “Hunkigarria izan da. Txikia naiz, eta nahiko atzean tokatu, baina gustatu zait dantza ikustea”. Baserritik itsasora jo zuen 14 urterekin. Ontzian aritu aurretik, Donostiako Kaian antxoak batetik bestera eraman ohi zituen organ. Lau hamarkada arrantzan igaro ondoren, faltan botatzen du itsasoa, baina ez litzateke itzuliko. “Orain hasi beharko banu, ez dakit zer egingo nukeen. Barkuak asko aldatu dira, lehen aurpegia garbitu edo bizarra ebakitzeko ur gezarik ez genuen”.
Aspaldiko ezagunekin zebilen Agirresarobe, besteak beste, Manuel Unanua eta Eusebio Aldaz herrikideekin. Elkarrekin ibili ziren itsasoan, edo bata bestearen senideren batekin. Unanua patroi izendatu zuten 25 urterekin, eta 71 urte bete zituenetik ez dio San Pedro elizako hitzorduari hutsik egin. “Meza oso hunkigarria da. Omendu zaharrena, gainera, 91 urteko nire anaia da”. Makuluei irmo helduta zebilen Aldaz ere uste berekoa da. “Easo abesbatzak kantatzen du mezan, eta zoragarria da. Kantak bazkariak baino gehiago balio du”. 55 urte eman zituen Aldazek itsasoan. “Barkua etxekoa zen, eta segituan bidali ninduten. Jorge Oteiza izena jarri genion txalupari. Legatzetan eta bisigutan ibiltzen ginen. Handia egin genuenean, semeak esan zidan soberan nintzela, eta erretiroa hartu nuen”. Irlandan, Mediterraneoan… ibilia da. Bera ere ez litzateke berriro ontziratuko. “Ikusten dut ni gabe moldatzen direla…”. Gaztelubide elkartean egindako bazkariarekin amaitu zuten jaia.

