Elkarrekin bizitzera behartuak
Oinezkoen eta ibilgailuen zirkulaziorako araudia betetzeko, Parte Zaharrean hainbat neurri ezarri ditu udalak; banaketa langileekin eta auzotarrekin hitz egin du Irutxuloko Hitzak, euren iritzia ezagutzeko asmoz.
Oinezkoen eta ibilgailuen zirkulaziorako araudia 2006an jarri zen indarrean. Harrezkero hamaika saiakera egin dituzte araudia Parte Zaharrean betetzeko. Hasiera batean, piboteak jarri zituzten; sistema horrek, ordea, kale egin zuen. Udal gobernuak, bada, neurri berriak ezarri ditu: sartu-irtenak kontrolatzeko kamerak jarri ditu, zamaketa guneak finkatu eta kaleak norabide bakarrekoak bilakatu ditu. Arratsaldean ala gauean Parte Zaharretik dabiltzan herritarrak, behar bada, ez ziren Mugikortasun Sailak ezarritako aldaketez ohartuko. Goizean auzotik dabiltzan oinezko zein banaketa langileek, aldiz, onerako nahiz txarrerako, nabaritu dute aldaketa.
Kale Nagusian lan egiten duen Enriquek, esaterako, lehen Parte Zaharretik ibiltzea «eromena» zela dio. «Inork ez zituen trafiko seinaleak errespetatzen. Kale Nagusian, esaterako, debekatuta zegoen Bulebarretik sartzea; egunero, ordea, sartzen eta ateratzen ziren autoak elkartzen ziren bertan». Kale berean bi ibilgailuk bat ez egiteko, lurrean jarritako seinaleek adierazten dute ibilgailuek zein norabidetan jo behar duten. Dendaz denda edota tabernaz taberna ibili behar duten banaketa ibilgailuek kale eta etxe atariak oztopa ez ditzaten, zamaketarako finkatuta dagoen ordutegian (goizeko 7:00etatik 11:30ak bitartean) ibilgailuak uzteko lau banaketa gune mugatu dituzte: Konstituzio plaza, San Juan kalea, Bulebarra eta Koruko Amaren kalea.
Dagokien denda edo tabernara iristeko banatzaileek orain gehiago ibili behar dutela onartu du Enriquek, «oinezkoak, baina, lasaiago ibil gaitezke», dio. Ibai Salaberria, behinik behin, lasaiago dabil haurrarekin kalez kale. Parte Zaharrekoaren esanetan, «etxetik ateratzen zarenean, nabari da auto gutxiago dabiltzala. Eskertzen duzu egungo egoera, lehen haurra bakarrik ateratzeko beldur baitzinen», adierazi du. Mariajek, aldiz, nahiago du bere makuluekin oraindik ere tentuz ibili. «Auto asko dabil 11:30ak arte eta hobe da ordu horietan ez ibiltzea». Banaketa sistemak irtenbiderik ez duela erantsi du bizilagunak.
Batera ala beste orgatxoarekin joan behar izatea ez da banatzaileen kezka nagusia, ibilgailua uzteko lekua topatzea baizik. Furgoneta uzteko lekutxo bat aurkitzeko askotan bueltaka ibili behar izaten duela azaldu du jatetxeetara arraina banatzen dabilen Santi Pardavilak. «Furgoneta txikiarekin bazatoz, ondo; handiarekin, aldiz, zureak egin du». Dena den, Parte Zaharretik dabiltzan oinezkoentzat erosoagoa dela uste du. Pardavilarentzat ametsezko egoera, kirol proba edo ekitaldi berezietan egiten den bezala, Parte Zaharra zamaketa ordutegian banatzaileentzat libre uztea litzateke.
Parte Zaharrean edariak banatzen sei urte daramatzan Anibal Gualimbaren iritziz, «leku gutxi eta banaketa kamoi asko dago». «Ezin kabiturik ibiltzen gara», dio. Datozen egunetan, uda bete-betean, eta Aste Nagusia gainean dela, egoera are gehiago korapilatuko dela iragarri du. Hala eta guztiz ere, kaleen norabideak zuzentzea eskertu du partitzaileak. Esnekiak banatzen dituen Joxean Aizpuruak Anibal Gualimbaren susmo bera du; datozen egunetan egoerak okerrera egingo duela uste du. Egun horietan sor daitezkeen zailtasunez ohartuta, Aste Nagusian eta aurreko astean malguagoak izango direla eta atez ate banatzen utziko dutela zehaztu du udalak.
Egun horietarako nahiz urteko gainontzeko egunetarako banaketa kamioientzat behar adina leku egon dadin irtenbide bat du Joxean Aizpuruak buruan: Kaia. Udalak zamaketa gune bihurtzeko eskaera egin du. Eremu hori kudeatzen duen Eusko Jaurlaritzak izango du azken hitza.
Ostalari eta banatzaileek, era berean, Trinitate plaza jo zuten zamaketa egiteko gune apropos gisa. Mugikortasun Sailak, berriz, ez zuen egoki jo, ume eta herritar asko elkartzen baitira bertan.
Bestalde, banatzaile eta ostalarien lana errazteko Bretxan biltegi bat egitea izan zen bere garaian mahai gainean jarri zen beste proposamen bat. Garraiolariek bertan izango zuten zama uzteko aukera, gero inguruko denda eta tabernetara partitu ahal izateko. Planteamendu hori, aldiz, ezerezean geratu zen.


