Lurra, ura eta eguzkia

Buruz behera jarritako botilekin tanta jario sistema eraginkorra nola egin erakutsi zuten tailerrean. (Argazkia: Mikel Goñi)
Jon Ander Galarraga Kutxa Ekoguneko teknikaria da, eta, berak azaldutakoaren arabera, uztaileko eta abuztuko astelehen guztietan izango dira Kontxa pasealekuan, 12:00etatik 14:00etara. «Bretxan uztaileko larunbatetan izango gara, baina han, ordu erdi lehenago, hau da, 11:30etik 13:30era».
Gaiak luze jorratzeko aukera ematen duen arren, balkoiko baratza antolatzeko oinarriak bost- hamar minututan azaltzen dituzte Galarragak eta bere lankide batek. Funtsean etxeko tomate, marrubi, letxuga eta gainontzeko barazkiek lurra, ura eta eguzkia behar dituzte. «Eguzki asko, eta kontuan hartu behar dugu balkoi batean lur gutxiago dagoenez ez dugula landare bakoitzetik baratzean aterako genukeena lortuko; hala ere, gauzak ateratzen dira».
Etxeko balkoirik eguzkitsuenean jarrita, landareek lurra eta ura izango dituzte faltan. Horretarako ere argibideak dituzte Ekoguneko teknikariek. Besteak beste, ohiko lorezaintza lurra erabili ordez, koko zuntza eta zizar-lohia erabiltzeko gomendioa ematen dute. Lehenak egitura ematen dio lurrari; bigarrenak, berriz, «sei hilabetetan landareek beharko duten elikagai guztia».
Aurreko urteren batean erabilitako lurrean zerbait landatu nahi izanez gero, bere kalitatea hobetzeko aukera naturalak ere azaltzen dituzte itsas bazterreko baratza-eskolan. Galarragak, hainbat belarrekin eta urarekin lortutako ongarriak eta pestizidak nola prestatzen diren kontatu ohi du. «Zomorroentzako azeri buztanarekin egindakoa erabili behar da; osinarena, berriz, lurraren ongarria da». Botilak, buruz behera
Uraren erabilerari buruzko aholkuak ere ematen dituzte tailerrean; baita ureztatze egoki egiteko sekretuak ere. Edonoren etxean egon daitezkeen potoak, ehunak eta hodiak erabilita, primerako ur dosifikatzailea egin daiteke. Gasdun edarietako plastikozko botilak buruz behera jarri eta tapoia pixka bat irekita, teknologia sinpleko, baina, era berean, puntako tanta jario sistema lor daiteke.
Bergarako baserritarra den Iker Gomezek osinen uraren erabilera ezagutzen zuen. «Bai, baserrian hori erabiltzen ikusi dut, baina botilena ez, gure baratza handirako horrek ez du balio, baina etxearen atarian dudan haztegirako bai; ideia ona da».
Mirakontxako Pilar Sanchez adineko emakumea ere baratza eskolari begira gelditu zaio. Presaka dabilela esan, eta abiatzen hasi da, baina hori baino lehen hurrengo azalpena ematen hasiak ziren teknikariei esan die: «Datorren astean etorriko naiz, geranioen ondoan tomate landarea jarri nahi dut eta».
Kontxa pasealekuko postuan hamarnaka pertsona biltzen dira behin eta berriro, azalpen azkarrak entzun eta hainbat galdera egiteko. «Gaur horrenbeste jende dagoenez, zerbait praktikoagoa egiteko aukera gutxi izaten ari gara», azaldu du Galarragak. Hala eta guztiz ere, ea zer saltzen duten galdetzen dutenei erantzuteko denbora badute. «Hemen ez dugu ezer saltzen, ezta hemendik kanpo ere; kontua erakustea da. Eta helburua ez da produktore handiak izatea, lurretik zerbait ateratzea baizik».
