Udal gobernuak auzo elkarte batzuekin hartu emanik ez duela salatu du PPk
Herri partaidetza agintaldiko ardatzetako bat du Bilduk, baina udal gobernuak hiriko auzo elkarte batzuekin harremanik ez duela salatu du PPko zinegotzi Vicente Garciak. Bizilagunek bilerak egiteko eskatu dutela eta hitzordua jartzeko eguna atzeratzen ari direlako kexu direla azaldu du zinegotziak. Gutxienez egoera hori bizi duten bost auzo elkarteren berri duela aditzera eman du.
Popularrak ez datoz bat, era berean, Bilduk herri partaidetza sustatzeko hartutako bidearekin, auzo elkarteetako ordezkariekin harremanetan egon beharrean, Auzo eta herriak Donostia indartzen ekimenaren baitako bilerak antolatzen dituztelako soilik. Vicente Garciak, hain justu, ekimen hori kritikatu du. Herritarren proposamenak eta udal gobernuaren erantzunak jasotzen dituen liburuxka «propaganda liburua» dela adierazi du zinegotziak.


