Urte amaieran egingo dituzte Karlos I.eko zirkulazioa eteteko lehen probak
Martuteneko biribilgunean, Amaratik ospitaleetara zuzenean igotzeko bide bat egingo dute
Karlos I.eko zubibidea desagertzeko aurretik, bertatik igarotzen diren autoak jasoko dituen azpiegiturak eraikiko dituzte. Urumeako autobidean, Martuteneko biribilgunean sartu gabe, Amaratik ospitaleetara zuzenean igotzeko bide bat egitea izango da abuztuan emango duten beste urratsetako bat. Horrek gune horretan sortzen diren auto pilaketak ekiditen lagunduko du, baita Karlos I. eko ibilgailu zirkulazioa arintzen ere.
Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak Amarako zubibide hori desagertzeko konpromisoa hartu zuten maiatzean eta Nora Galparsoro Hiri Azpigietura eta Zerbitzuetako zinegotziak jakinarazi duenez, urte amaieran dute lehen zirkulazio mozketekin hasteko asmoa.
Amaratik irteteko norabidean itxiko lukete lehenik zirkulazioa. Autoei bidea itxita, zer nolako erantzuna izango lukeen aztertuko lukete eta hiriko zirkulazioan aldaketarik eragingo ez balu, hiritik irteteko bideak deusezten hasiko liratekeela zehaztu du Galparsorok.
Bestalde, hirira sartzeko norabidea deuseztatu ahal izateko, aurrez beste pauso batzuk eman behar dituztela azaldu du Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotziak. Hala nola, Marrutxipi eta saihesbide zaharraren arteko lotura eta Urumeako autobidean –GI-40an– Martuteneko biribilgunea egokitu behar dela zehaztu du. Joseba Altube Foru Aldundiko Bide Azpiegitura zuzendariak jakinarazi duenez, GI-40 errepidean, Martuteneko biribilgunearen gainetik, Zorroagako tunelera zuzenean iritsi ahal izateko bide bat egiteko asmoa dute.
Lanak abuztuan
Pasabide hori egin aurretik, baina, egun Martuteneko biribilgunean sortzen diren auto pilaketak ekiditeko bide berri bat egingo du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Goizeko lehen orduan Amaratik datozen autoek biribilgunean sartuko zain egon behar dutela azaldu du Joseba Altubek, 27 Industrialdetik auto ugari sartzen direlako biribilgunean. Hortaz, Amaratik ospitale ingurura joan nahi duten gidariak biribilgunean sar ez daitezen, diputazioak bide berri bat eraikiko du. Astigarraga aldetik datozenek, biribilgunean sartu ondoren, ospitaleetara igotzeko bide bakar bat izango dute.
Obra txiki bat izango dela deskribatu du Bide Azpiegituretako zuzendariak. 115 metro luze izango ditu eta 3,5 metro zabal. 51.000 euro gastatuko dituzte. Lanak abuztuan hastea espero dute eta hilabeteko iraupena izango dute.
