Banatuz, Kutxa pribatu bilakatzearen aurka
Erakundeko bezeroen plataformak funtzio sozial eta publikorako aurrezki kutxa modura jarraitzea nahi du.
Kutxak ez-ohiko batzarra egingo du hilaren 26an. Bertan erakundearen estatutuetan barneratu nahi dituzten hainbat aldaketa eztabaidatuko dituzte. Banatuz Kutxako bezeroen plataformak salatu duenez, horien artean, Kutxa fundazio pribatu bilakatzea dago. Idatzi baten bidez ezagutzera eman dutenez, izaera aldatu eta fundazio sozial eta publikorako aurrezki kutxa moduan desagertzearen aurka daude.
Aldaketarekin bat ez egiteaz gain, «euren interes politiko eta alderdikoiei eutsi eta herritarren borondatea ordezkatzen ez duten aholkulariak” Kutxa desagerrarazten saiatzen ari direla diote, “ezkutuan, informazio argi eta gardenik gabe eta ez-ohiko batzarra aprobetxatuta”. Aholkulari hauek “hamaika lagun etxetik kaleratzeko orduan zalantzarik ez duten berberak dira, gure diruarekin espekulatu dutenak eta Banatuzetik gizarte ekintza babesteko eta bezeroari laguntzeko proposamenaren aurka behin eta berriz egin dutenak” direla adierazi dute.
Halaber, Kutxari gizartearen zerbitzura dagoen entitate sozial eta publiko gisa beraien babesa agertu diote, “Gipuzkoa eta Euskal Herriko garapen sozio-ekonomikoa giza eredutik abiatuta sustatuko duten proiektuak bultzatzen dituen neurrian”.
Bezero guztiei eta Kutxa Entitate sozial eta publiko gisa defendatzen duten lagun eta taldeei deia egin diete, Kutxa desagerrarazten ez uzteko. “Entitate sozial eta publikoa izaten jarraitzea exijitzen segitu behar dugu, eta euren helburu sozialak bete ditzaten eskatu, espekulazioa, etxetik jendea botatzea… albo batera utzita”.
