Cristina de la Fuente: "Pilar Soberonen lana ezagutaraztea da gure helburua"
Groseko Arteko galeria Arte Santander azokan izango da
Groseko Arteko galeriak XXI. Arte Santander azokan parte hartuko du, bigarren aldiz jarraian. Gaurtik igandera iraungo du arte garaikidearen azokak, Santanderreko erakusketa eta biltzar jauregian. Guztira, 42 galeria inguruk parte hartuko dute, eta gehienek artista bakar baten lanak izango dituzte erakusgai. Iaz bezala, Lasarteko Pilar Soberon artistaren lanak eramango ditu Artekok. Cristina de la Fuente da Arteko galeriako arduraduna, eta berarekin hitz egiteko aukera izan du IRUTXULOKO HITZAk, baita Soberon berarekin ere. Biak ere, Santanderrera joan dira, gaur arratsaldean zabalduko duten azokaren partaide izateko. «Gure helburua, Pilar Soberonen lana ezagutaraztea da; horregatik erabaki dugu errepikatzea. Esperientzia interesgarria da, eta azoka oso ongi antolatua dago», dio De la Fuentek.
Bere sorreratik asko aldatu den azoka da Santanderrekoa De la Fuenteren hitzetan. «Zuzendari aldaketa egin zutenean, galerien aukeraketa zorrotzagoa egin zuten», argitu du De la Fuentek. Gainera, bildumagileen bisitak asko bultzatu dituztela dio; «Aurten, 9915 izeneko bildumagileen elkartea gonbidatu dute». Gainera, erakusketaz gain, bisitak, omenaldiak eta aurkezpenak ere egingo dituzte azokan.
Artekoren postuari dagokionean, iazkoaren jarraipena izango dela argitu du de la Fuentek. «Iaz eraman genituen argazkiek beraien artean orografiak osatzen zituzten. Aurtengoak, berriz, marrazkiak eta argazkiak dira. Artekon artista gehiagorekin ere lan egiten dugu, hala ere, niretzako oso interesgarria da bertako artista baten lana erakustea».
Zehazki, Continuum izena du Soberonen lanak. «Marrazkiaren inguruan sortutako proiektua da. Marrazkien proiekzioak egongo dira, baita paper gainean egindako marrazkiak ere. Marrarekin jolastu dut eta marrazki serie bat osatu dut. Eskuak egiten duena begiratu gabe egin ditut marrazkiak, modeloari bakarrik begiratuz. Elementuak eta paisaiak osatu ditut, eta horietako marrazki batzuk beste batzuekin lotu ditut ondoren», azaldu du Soberonek. Micro-World osatzen duten argazkiak ere egongo dira ikusgai. «Ikerketa lan batzuk dira, organikoari eta ingurugiroari dagokionean», jarraitu du Soberonek.
Esperientziak merezi duela argi dauka Soberonek. «Iazkoa aurkezpen modukoa izan zen, eta aurtengoak pixka bat nire ibilbidea ezagutzeko balioko du. Santanderreko ikusleek nire lana hobeto ezagutzeko aukera izango dute». Azken batean, azokei esker, «artearen maitaleak» biltzen dira Soberonen hitzetan, beraz, proiektu askori bidea emateko aukera ematen die.
Azoka oso ongi dagoen arren, artelanak saltzeko aukera gutxi izaten dutela dio De la Fuentek. «Instalakuntzak izaten dira, eta proiektu arriskatuak ikus daitezke maiz. Obrak ahalik eta itxurosoen ikustea da kontua. Hala ere, Kantabriako erakunderen batek beti erabiltzen du diru kopuru zehatz bat azokan erosketaren bat egiteko».
Suitzara joateko aukera
Iaz, Suitzako emakume batekin harremanetan jarri ziren, eta duela gutxi Milanen berriro topatu dute. «Lana mantsoa da, baina pixkanaka gauzak lotzeko aukera ematen du», dio De la Fuentek. Harreman horri esker, Soberonek Suitzan erakusketa bat zabaltzeko aukera izan dezake. Gertatuko denaren zain daude.

