Herritarrek euskaraz bizitzeko nahia “harrotasunez” adieraz dezaten, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua herri lasterketak antolatzen ari da. Tokian tokiko elkarteekin lankidetzan, 60tik gora herritan korrika egingo dute irailaren 22an Hauetan parte hartzeko izen ematea irailaren 1an zabalduko dute. Haurrentzako eta helduentzako ibilbidea izango da. Txikienen parte hartzeak 2 euroko kostua du, eta helduenak, 5 eurokoa. Izena emateaz gain, dinamikaren kamiseta nahi badute, berriz, 7 euro eta 10 euro ordaindu beharko dituzte, hurrenez hurren.
Euskaraz bizi nahi dut dinamikaren baitako ekimena da. Egitasmo honek 2010eko maiatzaren 15ean Iruñean egindako manifestazioan du jatorria. Honen xedea, euskaraz bizitzeko nahia hainbat esparrutan ikustaraztea eta aldarrikatzea da.