Gonzalo Tejada, gaur goizeko aurkezpenean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Gonzalo Tejada donostiarrak Olivier Ker Ouriorekin batera kontzertu berezia eskainiko du Jazzaldian. Zehazki, astelehenean, 23:30ean, San Telmo Museoko elizan emango dute zuzenekoa, euskal musikariei eskainitako zikloan. “Donostiarra izanik, luxu bat da ziklo honetarako hautatua izatea”, aipatu du Tejadak gaur goizeko prentsaurrekoan. Tejadak kontrabaxua joko du, eta Ker Ouriok harmonika. Jazz tradizionaletik alde eginez, errepertorio zabala eskainiko dutela esan du Tejadak, eta besteak beste, hainbat filmetako abestiak eskainiko dituztela aurreratu du.