Unai Gazpio: "Elementu guztiak daude taldeak hazten jarrai dezan"
Unai Gazpio: Realaren emakumeen taldeko entrenatzailea
Gutxienez bi aldaketa garrantzitsu izango ditu 2012-2013 denboraldiko Realeko emakumezkoen taldeak; Larraitz Lucas kapitainaren hutsunea, eta entrenatzaile aldaketa. Izan ere, klubaren erabakiz, Unai Gazpiok gidatuko du talde txuri-urdina.
Añorgan aritu da azken urteetan, baina entrenatzaile bezala hogei urteko esperientzia darama gainean Unai Gazpiok (Antigua, 1973). Realean lehen denboraldia osatuko du, azken bi urteetan Jose Manuel Etxeberen postua izan dena betez. Gogotsu iritsi da, eta taldea ongi ezagutzea jarri du lehenengo helburutzat. Uztailaren 30ean ekingo diote denboraldi-aurreko prestaketari, baina, hori baino lehenago, Gazpio berarekin hitz egin nahi izan du IRUTXULOKO HITZAk.
Nola iritsi zaizu Realeko entrenatzaile izateko aukera?
Añorgarekin denboraldia bukatu baino pixka bat lehenago deitu zidaten. Lehenengo harremana azken partidako astean izan zen, nik espero gabe. Aste horretan Añorgan asko genuen jokoan, eta pentsatzeko denbora eskatu nien. Azkenean, gehiegi pentsatu gabe, baiezkoa eman nien, aste horretan bertan.
Erabakia hartu zenuenetik denbora igaro da. Nola ikusten duzu orain egoera?
Momentuan, beraiei esaten nien egun batzuk behar nituela nire burua bertan ikusteko; kontuak barruan zer eragiten zidan ikusteko. Imajinatzen nuen heinean, gogoa sartu zitzaidan baiezkoa emateko, eta horixe egin nuen.
Zein izan da zure orain arteko ibilbidea?
Hogei urte daramatzat entrenatzen. Jakintza ikastolan hasi nintzen laguntzaile moduan; ondoren, Muniben eta Luberrin mutilak entrenatzen ibili nintzen. Luberrin, lehenengoz emakumeen talde bat hartu nuen zortzi urtez. Gero, Luberriko koordinatzailea izan nintzen, Añorgara joan nintzen arte. Añorgan bost urte bete ditut, hiru mutilekin eta bi neskekin. Eta aukera honen aurrean, berriro aldaketa dator.
Neska zein mutil gaztetxoak entrenatzen ibili izan zara. Alde handia dago batzuetatik besteetara?
Jokoa bera da, baina, gizonak eta emakumeak desberdinak garen moduan, tratua ere ez da berdina. Mailetan ere, emakumezkoen maila berean, 16 urteetatik hasi eta 30era bitartekoak egon daitezke. Gizonezkoetan, banatuagoa dago. Desberdina bai, baina uste dut azkenean ohitu egiten zarela jendera eta girora.
Añorgako taldearekin maila igoera lortu berri duzu, Gazteen Ohorezko Mailatik Euskadiko Ligara. Zein oroitzapenekin utzi duzu taldea?
Oroitzapen onenekin. Lehen urtean, mutil kadeteekin igoera jokatu genuen. Gero, neskekin, lehen urtea zaila izan zen, eta bigarrena, askoz hobea. Azken bi denboraldietan igoera fasean egon gara. Iaz, bosgarrenak izan ginen, eta aurten, bi urteetako lana islatu da. Denboraldia oso oso polita izan da, talde onarekin eta laguntzaile onekin. Buruan nuen talde berdinarekin jarraituko nuela, Euskadiko Ligan, baina aldatzea erabaki dut, eta dena emango dut.
Dena lotua utzi duzu Añorgan?
Bai, badago entrenatzaile berria. Futbola horrela dago, eta jokalariak taldez aldatzen diren moduan, entrenatzaileak ere bai. Añorga talde polita da entrenatzeko, eta normalean ez da arazo gehiegirik egoten taldez aldatzeko. Dena itxia geratu da.
Jokalari bat baino gehiago joan izan dira Añorgatik Realera…
Nik dakidala, Reala duela zortzi urte sortu zenetik, Añorgako hamalau jokalari inguru joan dira.
Larraitz Lucasek futbola uztea erabaki du; orain arteko jokalari garrantzitsuetako bat faltako zaizu.
Pertsonalki ez dut ezagutzen. Baina jarraitu izan dut taldea, eta zalantzarik gabe, jokalari garrantzitsua izan da. Realeko ibilbide guztian egon da, eta momentu onak bizi izan ditu, baita txarrak ere, lesioekin. Bere hutsunea nabarituko da, baina etorriko direnekin egon beharko gara.
Etxabek aholkuren bat eman dizu?
Ezagutzen ginen, elkarren aurka jokatzeaz, eta Oiartzunen partiden aurretik beti hitz egiten genuen taldeetaz… Harreman ona genuen gehiegi ezagutu gabe. Aurrekoan deitu zidan zoriontzeko, animoak emateko eta zortea opatzeko. Elkarrizketa motza izan zen, baina aukera izan dugu hitz egiteko.
Bigarren entrenatzailea Etxaberen bera izango da, Xabier Illarreta.
Batez ere Realak albistea ofiziala egin duenetik, egon gara bizpahiru aldiz. Izaskun Azpillaga, Garbiñe Etxeberria, Xabi prestatzaile fisikoa, eta bi entrenatzaileak bildu gara. Bereziki taldea ixteko jokalarien inguruan hitz egin dugu. Datorren denboraldi-aurrea ere finkatu dugu. Egia esan, harrera oso ona egin didate, eta oso gustura nago lehen harremanekin. Realera iristean sekula ez dakizu zerekin topo egingo duzun, eta egia esan, oso gustura nago.
Taldean berrikuntza asko egongo dira?
Realak zortzi urte hauetan lehen aldiz lau jokalariri bajak eman dizkie. Beraz, lanean ari gara jokalari berriak ekartzeko. Itxaron egin beharko dugu zeintzuk izango diren jakiteko.
Dagoeneko jarriak dituzue denboraldi-aurreko datak?
Bai, uztailaren 30ean hasiko gara, eta bigarren astean, berrikuntza moduan, taldeak stagea egingo du astelehenetik ostiralera, kanpoan.
Realak dio emakumeen futbola bultzatzeko aurrerapausoak ematen ari dela.
Niri Realetik jakinarari didate taldea oso momentu onean dagoela, baina oraindik hobetzeko tartea baduela. Jokalariek konpromiso handia dute; elementu guztiak daude taldeak hazten jarrai dezan. Niri dagokit orain hor egotea, eta nire helburu nagusia hobetzen jarraitzea da. Taldea lehenbailehen ezagutu, ikusi zer hobetu daitekeen, eta horretan jarraitu.
Taldea jarraitu izan duzula diozu. Zubietan egon izan zara?
Bai, dezentetan egon izan naiz Zubietako partidak ikusten. Hala ere, azken bi urteetan gutxiago egon izan naiz. Badakit Zubietako giroan badaudela beti joaten diren zaletuak, oso jarraitzaile finak. Giroa ona izaten dela, eta geroz eta jende gehiago joaten dela. Ea lortzen dugun Zubieta betetzea igandero.
Zure buruari helbururik jarri diozu?
Garrantzitsuena taldea ahalik eta ondoen ezagutzea da. Horretarako, partida batzuk ikusten egon naiz. Ezagutza uste dut oso garrantzitsua dela hurrengo helburuak finkatzeko. Aldagelako giroan sartu eta lanean jarri nahi dut. Entrenamendu onenak egiten saiatuko naiz, xehetasunei garrantzia emanaz, egunetik egunera hobetuz. Pentsatzen dut, dinamika ona lortzen badugu, sailkapenean nabarituko dela.



