Urte bukaeran diru sarrera eta gastuak orekatzea espero du udalak
Udalak beste diru sarrera murrizketa bati egin beharko dio aurre. Azken boladan urtetik urtera jaisten joan da aldundiak egiten duen diru sarrera kopurua. Diru horrekin udalak urtean eragiten duen gastu arruntaren ia erdiari egiten dio aurre. Azken urteetan gertatu bezala, aurten ere, kale egin du urrian egindako aurreikuspenak. Jabier Vitoria Ogasun ordezkariak jakinarazi duenez, foru ekarpena kalkulatutakoa baino %10 txikiagoa izango da. Era horretan, 108,8 milioi euro jaso beharrean, 97,9 milioi euro batuko ditu udalak aldundiak udalerri guztiei banatzen dien dirutik. Vitoriak, hala eta guztiz ere, murrizketa horri aurre egin eta urtea defizit gabe ixteko gai izango direla ziurtatu du. Hots, gastuak eta diru sarrerak orekatzeko asmoa dute.
Azken lau urteetako foru ekarpenik txikiena izango dela jakinarazi du Jabi Vitoriak, era berean. 2008an, 126,8 milioi eurokoa izan zen, eta, aurten, ondobidean, 97, 9 milioi euro izango dira. Honenbestez, aldundiak egindako diru sarrera murrizketen eta udalak horien arabera egindako moldaketen baitan, zenbaki hauek osatu dituzte: diru sarreren atalean finkatutako 249 milioi euroak 240 milioi eurotan geratuko dira. Gastuei dagokienez, berriz, 247 milioi euroko aurrekontua 238 milioi eurotan geratuko da.
Murrizketa horiek herritarrengan eragina izango dutela ohartarazi du Ogasun Saileko arduradunak. Halere, udal gobernua eragin hori «ahalik eta txikiena» izaten ahaleginduko dela jakinarazi du: «Guk ez dugu mezu demagogikorik bidaliko, zuhurtziaz eta arduraz jokatuko dugu», esan du Vitoriak. Herritarrei, udal zerga eta tasa bidez, lehendik ere ahalegina egiteko eskatu zaiela onartu du.
Udal gobernuak handik eta hemendik murrizketak egingo dituela bai, baina «oinarrizko zerbitzu publikoak ez kaltetzen» saiatuko direla zehaztu du. Hala nola, udalak duen ongizate sarea aipatu du udal ordezkariak. «Udalak sare sendoa du eta hori mantentzen saiatuko gara», dio.
103 milioi euro
Foru ekarpena txikitu behar izateko kolpea, halere, uste baino txikiagoa izan da, udalak 2012ko aurrekontu zirriborroa egiterakoan 108,8 milioi euroko ekarpena 5,8 milioi euro txikitzea aurreikusi eta 103 milioi eurotan finkatzea erabaki zuelako.
Diru sarrera gehigarri batzuk (milioi bat) lortuz, giza baliabideen atalean moldaketa batzuk (0,4 milioi) eginez, sail guztietako ordezkari tekniko eta politikoekin adostutako murrizketen bidez (3,2 milioi) nahiz udal erakunde eta sozietateei ematen zaien dirua (milioi bat) txikituz egin dute ia sei milioi euroko doiketa. Aurten, gainera, udaleko sail guztiei egindako gastu guztiak justifikatzeko eskatu diete. «Krisi garaian inoiz baino garrantzitsua da», azpimarratu du Ogasun ordezkariak.
Krisi ekonomikoak eragindako diru sarrera galerari erantzuteko, era berean, udal aurrekontua osatzeko egindako 5,8 milioi egokitzapenari beste sei milioi erantsi beharko dizkiote ahal den lekutik. Sei hilabete geratzen dira urtea amaitzeko eta Ogasun Sailetik finkatu dituzte aurrekontua egokitzeko irizpide eta neurriak.
Giza baliabideen atalean 3,5 milioi euro gutxiago gastatzeko asmoa dute. Aurreztu beharreko kopuru horren ondorio dira, hala nola, bete beharko liratekeen hainbat langile postu oraindik ere bete gabe jarraitzea edota gaixoaldi nahiz lan utzialdia duten udal langileek ordezkorik ez izatea.
Udalak, era berean, beste enpresa batzuekin dituen kontratuak egokituz 1,8 milioi aurreztu nahi ditu. Kale garbiketa egiten duen enpresarekin, esaterako, kontratua 200.000 eurotan murriztea adostu dute.
Sozietate eta erakundeei ematen zaien diru laguntzetan ere artaziak aterako ditu udalak. 983.000 euro gutxiago gastatu nahi dituzte. San Markos Mankomunitateari, besteak beste, zabor tona gutxiago sortzeagatik ekarpen txikiagoa egingo dio udalak. Añarbeko Urak enpresarekin, era berean, 2011 tasak mantentzea hitzartu dutela kontatu du Vitoriak.
Etxegintzak Intxaurrondon adineko herritarrentzat apartamentuak egiteko abian jarritako lehiaketaren kasua aipatu du Ogasun Saileko arduradunak, halaber. Proiektu egiteko lehiaketarako 75k aurkeztu dituzte proposamenak. Zenbat eta lehiakortasun handiagoa izan, lehiaketan eskainitako kopurua merkatu egiten dela azaldu du.
Eguberrietako saririk gabe, 3,7 milioi euro gutxiago
Espainiako Gobernuak irailaren 1etik aurrera indarrean jarriko dituen neurriek udalean zein eragin izango duten oraindik zehazteko dagoela esan du Javier Vitoriak. Gustuko ez dituztela adierazi du, bete beharko dituzten ala ez, dena den, oraindik ikusi beharko dela zehaztu du. Hala, udal langileak Eguberrietako saririk gabe geratuko balira, zuzenean udalarentzat –sozietate eta erakunde autonomoak kanpoan utzita– lan egiten duten langileen sariarekin 3,7 milioi gutxiago gastatuko lituzkete.
BEZaren igoerarekin, berriz, kontratuak udalari garestiago aterako litzaizkiokeela esan du Ogasun ordezkariak. Diru sarrerei dagokienez, igoerak kontsumoan eragin dezakeenez, ez duela zertan diru sarrera handiagorik sortu behar adierazi du


