Zementonen jaitsierarekin ekingo diote jaien bigarren txanpari Añorgan
Añorga Kirol eta Kultur elkarteko kide den Eneko Sierrak oso ontzat jo du joan den astean egindako jaien hasiera. «Jendea oso gustura egon zen, eta gainera bertan zegoen jendearen % 90 Añorgakoa zen». Gaur, berriz, 19:00etan gertatuko den Zementonen jaitsierarekin hasiko dute bigarren txanpa, hiru eguneko atsedenaren ondoren.
Lehen txanpan bertakoen gozamenerako egitaraua prestatu zuten; bigarrenean ordea, gehiago zabaldu nahi dute. «Besteak beste, Parte Zaharrekoekin dugun desafioarekin eta kontzertuekin kanpoko jendea erakarri nahi dugu». Hain zuzen ere, joan den asteburuan Kaiko jaietan joaneko desafioa egin bazuten, larunbat honetan itzulera egingo dute. «Mozorrotuta, eta bizikleta gainean, gymkhana osatu beharko dute».
Orikiz jaia bihar egingo dute. Urtero bezala, azken unera arte gorde dute gaiaren sekretua. 21:00etan hasiko den mozorro festan parte hartzeko gonbiteak itsasoarekin zerikusia duen jantzia eramateko eskaera ere dakar. Mozorro festaz gain,Umeen Eguna ere egingo dute bihar. Hala, beraiei zuzendutako jolas eta bestelako ekimenak izango baitira egun osoan zehar; gaztelu puzgarriak eta Egan taldearen arratsaldeko emanaldia, tartean.
Aldaketa musika egitarauan Sierrak azaldutakoaren arabera, azken orduko aldaketa izan da festetako egitarauan. Izan ere, larunbat gauerako prestatuta zegoen Txapelpunk taldearen kontzertua bertan behera gelditu dira. Horren ordez, Willis Drummond Baionako (Lapurdi) laukoteak girotuko du Gozategiren erromeriaren ondorengo tartea. Programa osorik ikusteko klik egin hemen.


