Azken bidaia: txatartegira joatea
‘Ciudad de San Sebastian’ zaharra salbatzeko lau urteko ahaleginak arrakastarik ez du izan, eta Pasaian ari dira desegiten.
Gaur egun Donostiako kaian Ciudad de San Sebastian itsasontzia badago ere, horren aurretik izen eta langintza bera zituen ontzia desegiten ari dira Pasaiako portuan. Saga baten bigarrena izan zen eta, berrogei urtez jardun zen Kontxako badiara sartu-irtenean, bidaiariei hiria itsasotik erakusten.
2009an hasi zen katamaran berria badiako zeharkaldiak egiten, eta ordutik geldirik egon da aurreko Ciudad de San Sebastian. Bere jabea Itsas Tour turismo enpresa da, eta bertako Maria Eugenia Igoak azaldu duenez, ontzia Pasaiako portuan egon da lotuta. «Irtenbide asko pentsatu ditugu, baina ez da bat bera ere gauzatu. Ontzi hau berezia da, ez bakarrik guretzat, baita donostiar askorentzat ere».
Besteak beste, ontzia itsasotik atera eta liburutegi bilakatzea pentsatu zuten. Lehorrean jarrita, taberna barruan egitea otu zitzaien. «Itsasoarekin zerikusia duen museo edo antzeko zerbait egitea ere burura etorri zaigu». Baina, erakundeekin izandako harremanek ez dute horiek ahalbidetu. Espainiako enpresaren batekin ere hitz egin zuten, beraiek Donostian zuen erabilera bera emateko, baina krisiak eten ditu asmo horiek.
1960ko hamarkadaren erdialdean uretaratu zen Ciudad de San Sebastian zaharra; garai horretan, ordea, Ciudad de Malaga izena zuen. Igoak argitu du hau. «Bi ontzi biki ziren, eta besteak zuen Ciudad de San Sebastian izena; baina, handik urte batzuetara bestea saldu eta izena honentzat gorde zuten».
2008 urteko udara bukatuta, Pasaiako portura eraman zuten, bere etorkizuna erabaki arte. «Kontua da portuko agintaritzak kobratu egiten digula bertan izateagatik, eta ezin izan dugu gehiago eutsi». Hori dela eta, duela egun batzuk uretatik atera eta desegite lanei ekin zieten, txatartegirako azken bidaia prestatzeko.



