Gonzalo Tejada: "Jazz estandarretik urrunduko gara"
Emanaldi berezia eskainiko du Groseko kontrabaxu jokatzaileak, Olivier Ker Ourieren harmonikaren babesaz
Olivier Ker Ouriorekin batera kontzertu berezia eskainiko du Groseko Gonzalo Tejadak, Jazzaldiko azken egunean. San Telmo Museoko elizan emango dute zuzenekoa, 23:30ean, euskal musikariei eskainitako zikloan. «Donostiarra izanik, luxu bat da ziklo honetarako hautatua izatea», aipatu zuen Tejadak atzo goizeko prentsaurrekoan. Tejadak kontrabaxua joko du, eta Ker Ouriok harmonika kromatikoa. Errepertorio zabala eskainiko dutela esan zuen Tejadak, eta besteak beste, hainbat filmetako abestiak eskainiko dituztela aurreratu zuen; baita Bach, Stevie Wonder eta Joni Mitchel musikarien lanak ere. «Jazz estandarretik urrunduko gara».
Elizaren berezitasuna
Behin eta berriro aipatu zuen Tejadak, Ker Ourio eta bera ez direla izango emanaldiko protagonista bakarrak. «Lau izango gara, bi musikariak, erreberberazioa eta San Telmoko elizaren magia». Tejadaren hitzetan, zazpi segundoko erreberberazioa du elizak; hau da, musika nota bat jo, eta aurreko hormatik berriro ere itzultzen den arte, zazpi segundo igarotzen dira. Beraz, abestiak aukeratzeko garaian hori kontuan hartu behar izan dute. «Halako talde txiki batekin, musikak interesa galtzen du, sentimenduz betetako kontzertua egin behar dugu, eta horregatik osatu dugu jendearengandik gertu egongo den errepertorioa».
Kontzerturako sarrerak 12 euroko prezioa du.



