Iaz baino bisitari gehiago hurbildu dira turismo bulegora
2011ko ekainean, 38.538 bisitari zenbatu zituzten; aurten, 46.882 izan dira, %17,79 gehiago
Udak emango dituen emaitzekin baikor dira turismo alorreko arduradunak. Turismo bulegoan jasotako datuek, behinik behin, ez dute kontrakorik adierazten. Josu Ruiz Turismo zinegotziak plazaratu duenez, iazko datuekin alderatuz, ekainean turismo bulegora hurbildutakoen kopuruak %17,79 egin du gora. 2011ko ekainean, 38.538 bisitari zenbatu zituzten eta, aurten, 46.882 izan dira. Uztaila iazkoaren paretik dabil –21.000 bisitari–. Ruizek, dena den, ñabardura bat egin du: «iaz beste informazio gune bat zegoen Alderdi Ederren; aurten ezin izan da jarri Eusko Jaurlaritzak laguntzarik eman ez duelako».
Turismo zinegotziak, era berean, turismo bulegoko produktuen salmentan izan den gorakada azpimarratu du. Fakturazioa lehen seihilekoan hirukoiztu egin dela zehaztu du. «2011ko lehen seihilekoan 21.680 euro bildu baziren; aurten, 64.610 euro izan dira». Salgai dauden produktuen artean, San Sebastian Card nabarmendu dute. Iaz 2.190 txartel saldu zituzten; aurten, 64.610.
Aplikazio berria
Donostia Turismok, gainera, bisitarien erosotasunerako Donostiako Gida Turistikoa izeneko aplikazioa garatu du smartphonentzat. Donostia ezagutzeko plano eta ibilbideak kontsultatu ahal izango dituzte doan, papereko mapekin bueltaka ibili beharrean.
