Jazzaldiak 102 kontzertu izango ditu
Izarrez jositako egitaraua osatu dute bost eguneko jaialdirako; Triz3ps taldeak gaur joko du
Jazzaldia gaur bertan abiatuko da, eta astelehenera arte nazioarteko izarrez eta bertako musikariez betetako emanaldiak jasoko ditu. Guztira, 102 kontzertuz gozatzeko aukera egongo da, bost eguneko jaialdian, eta horietako 71 kontzertu doakoak izango dira. Musikari ospetsuen artean, Melody Gardot, Antony and The Johnsons, Bobby McFerrin eta Madeleine Peyroux aipatu daitezke, eta noski, Jimmy Coob, aurtengo Donostiako Jazzaldia Saria. Doako kontzertuei dagokienean, gehienak Zurriola hondartzako Agertoki Berdean eta Kursaaleko terrazetan izango dira. Gaur arratsaldean, Javi P3z donostiarraren Triz3ps taldea izango da Jazzaldiko lehen abestiak eskainiko dituen taldeetako bat. Soul musika dantzagarria eskainiko du taldeak, baina oraingoan elektronikaren laguntzarik gabe.
Javi P3zek bultzatutako proiektua da Triz3ps, eta bera da taldeko abeslaria eta gitarrista. Oriol Flores bateria jotzailearekin eta Alberto Bosch baxulariarekin hasi zuen ibilbidea; baina dagoeneko Paul San Martin pianista donostiarra ere taldeko kidea da, teklatuarekin laguntzen duelarik. Gainera, Luis Camino perkusionista ere taula gainean izango da gaurko kontzertuan.
Javi P3z eta Oriol Flores musikariek prentsaurrekoa eskaini zuten atzo goizean, taldearen eta kontzertuaren berri emateko. Biak ere harro agertu ziren Jazzaldian jotzeko aukera izateaz, baina P3zek aldarrikapen bat egiteko hautatu du emandako tartea: «Jaialdietatik kanpo, aretoetan benetako zirkuitu bat egotea nahiko genuke. Astebururo kontzertuak eman nahiko genituzke».
Gaurko kontzertuak taldearen disko berriaren aurkezpen gisa balioko du. «Abesti zaharrez gain, prestatzen ari garen disko txiki berrirako sortu ditugun abestiak ere joko ditugu», aipatu zuen P3zek. Izan ere, P3zek esan zuen euren asmoa sei hilabetetik behin disko berri bat kaleratzea dela. «Taldeak ibilbide polita izan du, eta geroz eta egonkortuagoak gaude», gehitu zuen abeslariak. Gaurko kontzertuari dagokionean, Floresek esan zuen lasaitasunetik indartsuagorako bidea egingo dutela. «Gure Sould errepertorio lasaiarekin hasiko gara, eta bukaera indartsuagoa egingo dugu», azaldu zuen Floresek.
P3zek aurreratu du hainbat proiektuetan murgildurik dabilela, eta Parte Zaharreko Roskow margolariarekin lanean ari dela, antzerki eszenatokiak prestatzeko.
47. Jazzaldia
Gaurko egitaraua
Agertoki Berdea. (dohainik)
- 21:30: Alabama Shakes.
- 00:30: Sharon Jones & The Dap-Kings.
Frigo Gunea. (dohainik)
- 20:00: Travellin’ Brothers Big Band.
- 23:00: The Excitements.
Heineken Terraza. (dohainik)
- 20:00: Triz3ps.
- Dayna Kurtz.
Coca-Cola Gunea. (dohainik)
- 20:00: Juan Zelada.
- 23:00: Nevermind Trio + Julen Izarra.
Altxerri. (10 euro, edaria barne)
- 00:00: Tana Santana.

