Urte amaieran zabalduko dute 27 Industrialdeko Enertic eraikina
Energia berriztagarrien eta erabilgarritasunaren sektorean lanean ari diren 55 enpresatik gora sartu ahal izango dira
Energia berriztagarrien eta erabilgarritasunaren sektoreak hiriko Barne Produktu Gordinaren %1,8 sortzen du. Kopuru hori etorkizunean are handiagoa izango dela zalantzarik ez du Sustapen Elkarteak eta erakunde publiko nahiz enpresa pribatuek osatzen duten energia berriztagarriaren klusterrak. Sektore hori bultzatzeko asmoz, energiaren inguruan lanean ari diren adar desberdinak lotuko zituen enborra sortzeko ideia jarri zuten duela bi urte mahai gainean. Enbor horrek Enertic du izena eta Martuteneko 27 Industrialdean ari da egia bihurtzen.
Enborraren egitura nagusia, jada, egina dago. Barrutik behar bezala atondu eta hornitzea falta da. Horretarako, hiru hilabete beharko dituztela kalkulatu du Josu Ruiz Sustapen zinegotziak. Urte bukaerarako, hortaz, Enertic prest eta martxan egongo dela jakinarazi du. Iraunkortasunaren alde udalak dituen helburuekin bat egiten duen proiektua dela nabarmendu du zinegotziak.
Enertic-ek, baina, bertaratutako enpresak lanean hasten direnean emango ditu lehen emaitzak. Bi aparkeleku solairu eta beste sei solairuko eraikinean 55 bat enpresek izango dute leku. Bulegoetarako lekuaz gain, energia berriztagarrien tokiko sektoreari jarraipena egin eta zaintzeko behatoki bat izango du. Berrikuntza egitasmoak aurrera eramateko, gainera, gune berezi bat egokituko dute.
Denera, 300-400 langile artean bilduko dituela esan du Euken Sese Sustapen Elkarteko zuzendariak. Eraikina betetzeko hautagai bila, Sustapen Elkarteko arduradunak hasi dituzte sektoreko enpresekin lehenengo harremanak egiten. Dagoeneko bost enpresek bertan kokatzeko eskaerak jaso dituztela aditzera eman dute. Enpresa horiekin batera, egun 27 Industrialdeko Democenter eraikinean lanean ari diren sektoreko enpresek egoitza izango dute Enertic-en. Sustapen Elkarteak, era berean, Europatik 700.000 euroko diru laguntza jaso du industrialdea sustatu eta bertan ikerketak egiteko. Enertic-etik bideratuko dute egitasmo hori.
Izan ere, eraikinak energia berriztagarrien sektorea indartzeaz gain, 27 Industrialdea suspertzea izango du helburu. Enpresa gunea zaharkituta geratu da eta, krisiaren ondorioz, industrialdeko hainbat lantoki itxi eta hainbat langilek joan behar izan dute kalera. Sustapen Elkarteak Martuteneko enpresa gunea indarberritzeko asmoz, seinale berriak jarri zituzten, zerbitzu berriak eskaintzeko Democenter eraikina zabaldu zuten eta Enertic eraikina abian jartzea izango da hurrengo pausoa.
«Eraikin soila»
Energia berriztagarrien sektorea eta 27 Industrialdea biziberritzearekin batera, Enertic-ek eredugarri izan nahi du arkitektonikoki. Energia eraginkortasun alorrean inguruko «aurreratuena» izango dela azpimarratu du Euken Sesek. «Karbono isuririk ez du izango edo ia bat ere ez. Diseinua lantzeko Cener eta Energiaren Euskal Erakundearekin egin dute lan», azaldu du.
Izaskun Larzabal eraikineko arkitektuaren esanetan, «eraikin soila» da. Alegia, material gutxi erabili dituzte eta horietako gehienak birzikla ala berrerabili daitezkeenak dira. Hori dela eta, egituran egurra da nagusi, kanpotik datorren energiari etekinik handiena ateratzeko. Bulegoek behar duten energia sortzeko, bestetik, haize errota bat eta eguzki plakak jarri dituzte. Geotermia bidez, halaber, lurreko berotasuna xurgatuko dute.
Eraikinak, gainera, lorategi bertikal bat izango du. Neguan erortzen diren hostoz hornituta egongo da; honela, udan itzala emango dute eta neguan eguzki izpiei sartzen utziko diete. Teilatuan ere lorategitxo bat jarri dute, eraikina altxatzerakoan eragindako kaltea txikitzeko eta, bide batez, energia mantentzeko. Euriak botatako ura aprobetxatuko dute eta ur zikina arazteko, sistema organiko batez bidez, har batzuk jarriko dituzte lanean.


