Juan Karlos Izagirre alkatea, Kontxan jarri duten haiman, Saharako herritarrekin (Argazkia: Estitxu Zabala)
Mendebaldeko Sahararen aldeko ekimena egin dute gaur. Saharako eta Euskal Herriko haurrek elkarren artean ‘Sos Sahara’ idatzi dute hondarrean, gurasoen eta piraten laguntzarekin, hondartzako kuboekin egindako dorretxoekin. Sahara kubora-Sos Sahara Euskal Fondoak eta aldundiak bultzatutako ekimena da, gizartea sentsibilizatzeko.
Juan Karlos Izagirre alkateak ere bat egin du ekimenarekin: “Sahararekin harremana dugu Euskal Herritar guztiek, eta oso garrantzitsua da. Luzatzen ari da egoera guztiz bidegabe bat, eta gure laguntzaren beharra dute egunero”, adierazi die alkateak komunikabideei. Hondarretan ekimenerako jarritako haiman, saharauiarrek egindako tea ere probatu du alkateak, eta adeitasunez aritu da beraiekin hitz egiten. “Laguntzen jarraitu behar dugu, bai hara joanez, bai hemen halako ekimenak eginez, konturatzeko badela herri bat autodeterminazio eskubidea eskatzen duena, eta edozein tokitan defenditzeko kontua dela”, gehitu du alkateak.
Alkateak tea ere probatu du (Argazkia: Estitxu Zabala)