Auzoa eta ehunka aurpegi, 250 iruditan

Emakume talde bat kalean josten erakusten duen argazkia bilduma osoaren adibidea da. (Argazkia: Añorgatarrak erakusketa)
Irailaren 30a arte ikusi ahal izango den Añorgatarrak erakusketa, eta Museum Cemento Rezolaren zein Añorgako fabrikako zuzendari Antonio Nolaskok auzotarrak eta «donostiar zein gipuzkoar guztiak» gonbidatu ditu bertaratzera, eta bildumak dituen bi multzoaz gozatzera.
Lehen multzoa museoaren beraren funtsetik atera dute. 125 argazkitan XX. mendearen hasieratik Añorgak izandako bilakaera ikus daiteke. Auzoaren garapena eta porlan fabrikarena erabat loturik izan dira.
Ezusteko altxorra Auzoari izena ematen zion Añorga baserriaren aztarnarik ez dago gaur egun, 1900 urtearen inguruan lantegi berria eraikitzeko bota zutelako. Gorgako kideak atsegin handiz hartu dute erakusketa prestatzeko garaian museoaren funtsean azaldutako baserriaren argazkia. Mintegiko Inaxio Eizagirrek dioenez, «guk galdutzat jotzen genuen, eta lokalizatuta genituen irudi bakarrak margoak ziren, orain, berriz, badakigu nolakoa zen baserria».
Hamaika gauza gehiago ikus daitezke multzo horretan, batez ere fabrikaren inguruan sortutako azpiegituren inguruan; anbulatorioa, ekonomatoa, eskola, etxebizitzak… Lehen multzo honetako argazkiak idazteko erabil daitekeen paperezko horman jarrita daude. Izan ere, antolatzaileek ikusleen laguntza nahi baitute, oroimena mantentze aldera.
Bigarren multzoa Gorgak bildutakoa da. Hauek ere 125 bat argazki aukeratu dituzte, 16.000 ale dituen bere bilduman miatuta. Eizagirrek azaldu duenez, erakusketak erakusteko ez ezik, jendeak informazioa osatzeko ere balioko du. «Guk argazkietan identifikatu gabe ditugun pertsonak ezagutu nahi dugu, eta baita akatsen bat dagoen, zuzendu ahal izateko».
Pertsonak eta ingurunea biltzen ditu Añorgatarrak erakusketak, eta baita hirugarren osagai bat ere: Añorgako erraldoiak. Izan ere, argazkietan ez ezik, bertan ere baitaude añorgatarren alkatea eta alkatesa. Iaz buruak zaharberritu zizkieten, eta aurten Karmengo festetarako prest etorri dira Gure Kabia jubilatuen elkarteak konpondutako arropekin. Hauek ere erakusten dute jaietan museoak bisita daitezkeela.



